Jaiak. Altsasu

Dantzarako prest

Festen bigarren eguna ospatuko dute gaur Altsasun: mariachiak, 'playback' txapelketa eta dantzaldia izango dira, besteak besteLarunbatera bitartean izango dira jaiak, eta ekitaldi ugariz beterik dago egitaraua

Txupinazoaren egunean burrunba sortzera deituta zeuden altsasuarrak. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
2011ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Festetan murgildu dira dagoeneko altsasuarrak. Atzo eman zieten hasiera jaiei, Eztanda Handiarekin: 12:00etan, ohiko txupinaz gain, herritarrak etxetik tresnaren bat hartu eta ahalik eta burrunba gehien egitera deituta zeuden. Hala, indartsu hasi zituzten atzo festak, eta gaur ere giroak ez du etenik izango, ekitaldiz beteriko egitaraua prestatu baitute altsasuarrek.

Eguneko lehenengo ekitaldia Otadiako Santokristo baselizako meza izango da, 11:00etan. Goizean, haurrak izango dira protagonista Foruen plazan, haientzako tailerrak egingo baitituzte 11:30ean.

Tripa betetzeko aukera ere izango da Zubeztia elkartearen eskutik, hamabietakoa prestatuko baitu Foruen plazan, 11:45ean.

Meza amaituta, ezkilen txanda helduko da, 12:00etan. Izan ere, ezkila jotzaileek erakustaldia egingo dute, eta zortzikoa izango da Altsasuko ezkila jotzaileen omenez. Jarraian, Etorkizuna taldeak dantza ikuskizuna eskainiko du.

Bazkalordua baino lehen, doinu mexikarrek girotuko dute Foruen plaza: Mariachi Imperial de Mexico taldea igoko da agertokira, 13:00etan.

Peñak, lan eta lan

Arratsaldean, berriz, herritar guztiak gonbidatuta daude peñekin kafea hartzera eta kalejiran irtetera, 16:30ean. Peñen Batzordeak askaria emango die ibilbidean zehar beraiekin doazenei, 19:00etan.

Peñak gora eta behera dabiltzan bitartean, ekitaldi gehiago ere izango dira herrian. Foruen plazan, adibidez, playback txapelketa antolatu dute, 17:30ean. Bakarka nahiz taldeka abesteko aukera izango da: baldintza bakarra abestia CD batean eramatea da. Lau sari banatuko dituzte: bakarlari onenari eta euskal kantu onenari sari bana emango diete, eta taldean abesten dutenentzat lehenengo eta bigarren sariak banatuko dituzte.

18:00etan izango da zer ikusia Iortia zabalgunean eta Burunda pilotalekuan. Iortian, IV. Punto Txapelketa jokatuko da, Peñen Bartzordearen eskutik; Burunda pilotalekuan, berriz, pilota jaialdia izango da, eta partida profesionalak jokatuko dira.

Azabache taldeak dantzaldia eskainiko du Foruen plazan, 19:30etik aurrera. Batzuk dantzan dabiltzan bitartean, besteak buruhandien aurretik korrika ibiliko dira, eta, aldi berean, bonba japoniarren jaurtiketa izango da.

Peñen jaitsiera 20:30ean abiatuko da, Foruen plaza aldera joateko; hala, 21:30ean izango diren larrain dantza eta Altsasuko zortzikoa girotuko dituzte euren doinuekin.

Ondoren, zezensuzkoa izango da, 22:00etan. EHEren eta AEKren eskutik, Kantaitan ekitaldia egingo dute Foruen plazan: euskal kantuak abestuko dituzte han bildutakoek. 00:00etatik aurrera, berriz, gorputza astintzeko aukera izango dute altsasuarrek, Azabache taldeak dantzaldiari ekingo baitio berriz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.