Donostiako talde guztiek elkarrekin egingo duten estreinako ekitaldia dantzaren olatu talka bat izango da. Arkaitz, Axular, Eskola, Goizaldi, Kresala eta Trebeska taldeetako kideek Dantzaluze eramango dute bihar Parte Zaharreko kale eta plazetara, herritarrei bertan parte hartzeko gonbidapena eginez. Eskolako kide Tomas Ugaldebere da proiektuaren koordinatzailea.
Donostiako dantza talde guztiak elkarrekin aterako dira bihar lehen aldiz. Nola gorpuztu da egitasmoa?
Martxoan jaso genuen hiriko talde guztiek batera zerbait egiteko proposamena. Olatu talkan gure alea jartzea zen kontua, finean. Ezaguna da taldeen artean desberdintasunak badirela; batzuk tradizionalagoak dira, besteak berritzaileagoak… bakoitzak bere joera du. Eta, hain zuzen, desberdintasun horiek gainditzeko zerbait berria egitea erabaki genuen.
Zer-nolako koreografia egingo duzue?
Dantza erritmo bat hartu, eta horren gainean koreografia bat egitea izan genuen abiapuntua. Lapurdi eta Nafarroako inauterietan egiten den Dantzaluze erritmoa aukeratu dugu. Kalejira bat balitz bezala funtzionatzen du. Erritmoak mugimendua eskatzen duela konturatu ginen, eta ideia izan zen dantzari andana mugimenduan jartzea.
Zenbat dantzari izango zarete desfile luze horretan?
Donostiako taldeko kideen artean ehun bat izango garela uste dugu, baina, Olatu Talkaren egitasmoa lurralde osora zabaltzeko asmoa zegoenez, guk ere asmo hori gure egin eta lurraldeko beste taldeei gonbidapena egin diegu Euskal Dantzarien Biltzarraren bidez. Azkenean, 150 bat dantzari espero ditugu Parte Zaharrean.
Herritarra eta parte hartzailea izango da, beraz, Dantzaluze?
Bai, horixe. Ideia da Parte Zaharrean barna mugitzen den dantzari andana martxan jartzea. Herri dantzak ikastea oso modan dago azken urteotan, eta, horregatik, kaleko jendeak ere gurekin bateratzeko aukera izango du.
Beraz, pauso errazak izango dira, koreografia zailik gabe?
Bai, bai, ia edonork dantzatzeko modukoak. Muxikoak eta Dantzaluze nahastuko ditugu. Geldialdiak egingo ditugu San Telmon, Konstituzio plazan, Sarriegi plazan eta Bulebarrean, eta han muxikoak dantzatuko ditugu, baita fandango eta arin-arina ere. Bidean, berriz, dantzaluze eginez egingo dugu aurrera.
Itxura batean, oso ekitaldi arrakastatsua izan daiteke; etorkizunean errepikatzeko modukoa akaso?
Bai, zergatik ez? Izan ere, jarraipen bat ematea nahiko genuke. Guk zerbait bateratzailea egin nahi dugu. Adibidez, dantzariak kalez jantzita joango dira, bakero eta elastiko beltzarekin, kaleko jendeak bertara sartzea errazago izan dezan. Dantzari bakoitzak bere joerekin gauzatuko ditu pausoak, eta hori ere aberasgarria izango da: batzuk zazpi jauzirekin egingo dute, beste batzuk doblarekin… Ekitaldi irekia eta bateratzailea izango da, ez zerbait uniformea.
Tomas Ugaldebere. Dantzaluze ekitaldiko koordinatzailea
«Dantzari andana jarri nahi dugu mugimenduan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu