Filipe Oihanburu
Euskal kulturaren sustatzaile eta defendatzailea da, sortzez frantsesa (Argelest-Gazost, Frantzia, 1921) den arren. Dantzari eta kantuari eman dio bizitza, eta munduan barrena ibili da hainbat abesbatzarekin. 1942an ikasi zituen euskal dantzak Segundo Olaetaren eskutik, eta 1945etik 1953ra Oldarra taldean egon zen, lehenik ikasle gisa eta gero zuzendari moduan. 1954an bere bidea eraiki zuen Etorki konpainia sortu zuenean. Irratilari eta konferentzialari izateagatik ere bada ezaguna. Dantza munduaz kanpo hainbat liburu idatzi ditu; besteak beste: La revanche de Bakounine, L'irreductible phénomène basque eta Euskal deituren hiztegia.
Jean Nesprias
Dantzari, txistulari eta koreografoa. 1927an jaio zen, Miarritzen (Lapurdi), eta 12 urte zituenetik Euskal Herriko folklorearen eta ohituren zabaltzailea izan da. 1940tik 1945era Segundo Olaetaren aginduetara egon zen haren taldean. Hurrengo hamasei urteak berak sortutako Orok Bat taldean eman zituen. 30 herrialde baino gehiagotan egon zen bere konpainiarekin. 1971n nazioarteko lehen folklore festibalak antolatu zituen, mundu mailako adiskidetasun eta lankidetza sentimenduak sortzeko xedearekin. 60 nazio baino gehiagoko taldeek parte hartu dute jaialdi horretan jada. 1993an Erro Bat taldea sortu zuen. Dantza egiten jarraitzen du oraindik.
Koldo Zabala
1936an jaio zen, Getxon (Bizkaia), baina goiz utzi zuen jaioterria. 36ko gerratik ihesi, Ipar Euskal Herrian igaro zuen gaztaroa, eta han ikasi zuen dantza tradizionala. Oldarra taldean sartu zen 1947an, baina hiru urte geroago prestakuntza klasikoarekin hastea erabaki zuen. Bi urtez Alexandr Volininen ikasle izan zen Parisko Kontserbatorioan. Yves Brieux-Ustaritze ere izan zuen irakasle bertan. Dena den, ez zuen sustraiekiko lotura eten, eta Bordeleko Antzokiko balleteko dantzari izan ondoren, 70eko eta 80ko hamarkadan Oldarra dantzaren erreferentzia bihurtzen lagundu zuen. Irakasle lanetan hasi zen gero Briveko eta Baionako kontserbatorioetan, berriro Oldarrara itzultzea erabaki zuen arte.