Gaita Egunak eta Bihar Herri festibalen ildoari jarraituz, Herri Uzta festibala antolatu dute lehen aldiz asteburu honetarako, Errobi herri elkargoan. Eskualdea euskal dantzetan eta soinuetan sustraituta dagoelako aukeratu dute jaialdia egiteko; hala, Ezpeletako karriketan, Luhuso eta Itsasuko aretoetan eta Arrangoitzen (Lapurdi) izango dira dantza eta musika emanaldiak. Bihar hasi eta igandera bitartean ospatuko da jaialdia.
Bihar arratsaldean izango dira lehen emanaldiak, Luhusoko Harri Xuri gelan. 19:00etan, festibalaren hasiera ekitaldia egingo dute, eta, ondoren, 21:00etan dantza eta musika sorkuntzen zatiak ikusi ahal izango dira: Ezpeletako Ezpela taldearen Jauregitik, Baigorriko Tema konpainiaren Bai Dantza Klask, Ibarrako Alurr taldearen Sor-k, eta Uztaritzeko Burrunka taldearen Burrunkarrika.
Larunbaterako egitarau zabala prestatu dute, goizetik hasi eta iluntzera arte. Goizean, makil dantzak izango dira nagusi. Ezpeletako zinema salan hitzaldia eskainiko du Oier Araolazak, Makil dantzak Euskal Herrian izenburupean. 15:30ean, berriz, Euskal Herriko makil dantzen ikusgarria egingo dute hainbat taldek Pilota plazan.
Igandean, mutxikoaren eguna
Arratsaldean, Itsasura egingo du jauzi festibalak. Kataluniako eta Euskal Herriko musikaldia izango da elizan, 18:00etatik aurrera. Perpinyako Mil.Lenaria kobla taldeak, Uztaritzeko Gaita taldeak, Kattalin Haira txistulariak eta Julie Mary trikitilari eta albokariak parte hartuko dute.
Gauean, Luhuson bi dantza emanaldi eskainiko dituzte: lehenik, 21:00etan, Buruz Behera eta Ravel Jauna. Eta, ondoren, 22:30ean, Zun. Lehena Harri Xuri aretoaren barruan izango da, eta bigarrena, areto aurrean. Azken hori Herri Uzta festibalaren sorkuntza da, Lagunarte konpainiak egina.
Arrangoitzen egin ohi den mutxikoaren egunarekin bukatuko da Herri Uzta festibala igandean. Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak antolatu du. Goizean, mutxikoak dantzatzeko aukera izango dute hara biltzen direnek; Luzaideko dantzariak ere gonbidatu dituzte. Aperitifaren eta bazkariaren ondoren, Añorgako Arkaitz taldeak emanaldia eskainiko du 17:00etan. Patxi Laborda dantza irakaslearen solasaldiarekin bukatuko dute eguna.
HERRI UZTA FESTIBALA
Non. Ezpeleta, Luhuso, Itsasu eta Arrangoitzen (Lapurdi).
Noiz. Bihartik igandera.
Asteburuko proposamenak
Dantzaz beteriko hiru egun
Dantza emanaldi ugari ikusi ahal izango dira Herri Uzta festibalean, Ezpeletan, Arrangoitzen Itsasun eta Luhuson
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu