Atlas etnografiaren zazpigarren zenbakia da Casa y familia en Vasconia. Jose Migel Barandiaranek 1964an argitaratu zuen inkesta etnografikoak egiteko gidarekin egin dituzte lan horiek guztiak. Horietatik lehenengoa ezagutu zuen antropologo eta etnografo ataundarrak, 1990ean argitaratu baitzen lehenengoa, elikagaien ingurukoa. Aurten hogei urte bete dira Barandiaran hil zela, eta Etniker Euskalerria eta Labayru ikastegiaren azken lana hari eskainita dago.
Barandiaranen inkestetan oinarritu zarete orain arteko ikerketak egiteko.
On Jose Migelen ekarpena sekulakoa izan zen, itzela. Ikerketa etnografikoa egin ahal izateko gidoi bat utzi zigun, eta bera ere hasi zen horretan. Bere lanarengatik egin ahal izan dugu horren denbora tarte zabaleko ikuspuntuarekin ikerketa.
Zertan oinarritu zen inkesta hori egiteko?
Europan autoritate bat zen. Suedian aurkeztu zuen ikerketa etnografiko bat egiteko galdetegi bat, eta hori ondoren gure errealitatera ekarri zuen. Garai hartan bazegoen joera bat esaten zuena ikerketa etnografikoak egiteko hobeto ikusten zutela kanpokoek bertakoek baino. Baina bera ez zen iritzi horretakoa, nork egin dezake hobeto inkesta bat? Guk ez dugu teorizatzen, datu bilketa egiten dugu, eta horri interpretazioa emango diona atzetik etorriko da.
Etxearen eta familiaren inguruko lana egiteko 87 herritan izan zarete. Horrek sare handia eskatzen du...
Bai. Eta, horretarako, lurralde bakoitzean dauzkagu bi ordezkari, eta horiek aukeratzen dituzte herri bakoitzean nork egin behar duen inkesta bakoitza. Ahal bada, euskaraz egin behar da, eta lekuan lekukoa ezagutzen edo erabiltzen duena, errealitate hori ezagutzen duena.
Orain arte zazpi liburu argitaratu dituzue, zein alor falta zaizkizue aztertzeko?
Orain arte elikadura, haur jokoak, hileta, jaiotza eta ezkondu arteko errituak, artzaintza eta abeltzaintza, herri medikuntza eta azkeneko hori argitaratu ditugu. Barandiaranen ekimenari jarraipena emateko, oraindik hainbat ikerketa falta zaizkigu. Janzkeraren inguruko ikerketa eginda dago, baina orain lantzen ari garen hurrengo lana nekazaritza eta arrantzaren ingurukoa da. Ondoren, artisautza, auzoa, herri erlijioa, ipuinak eta kartografiak lantzeko asmoa dago, baina hori diru laguntzen araberakoa izango da betiere...
Segundo Oar-Arteta. Labayru ikastegiko kidea
«Datu bilketa egiten dugu guk; atzetik datorrenak interpretazioa egingo du»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu