Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Dena esan gabe doa

Xabier Lasa.
2011ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Euskaraz soilik. Estanis Amutxastegi Andoaingo zinegotzia (Gipuzkoa) estatuko SER katean protagonista izan dugu azken hamar egunetan; haren adierazpenak, zuzenekoak zein grabatuak, entzun ahal izan ditugu egunak joan egunak etorri bizkartzainen afera zela eta. Herenegun, Ana Karrere Andoaingo alkateak lehenbiziko agerraldi publikoa egin zuen. Zer esan zuen ez baizik eta nola esan zuen bihurtu zuten albiste SER katean. Behintzat, estatu osorako emititzen duten orduz orduko albistegi guztietan, Karrerek eta Martin Garitanok euren prentsaurrekoak euskaraz soilik eman izana azpimarratu zuten. Informazio hori Cristina Heredia kazetariak zabaldu zuen SER Euskaditik estatu osora, harridura tonua erabiliz horretarako. Aspaldiko urtetan, Gipuzkoako SER kateak esatari taldea izugarri berritu du, eta herrialde horretan D eredua da nagusi hezkuntzan. Bi datu horiek gurutzatu, eta argia da ondorioa: SER kateak ez luke arazorik eduki behar, inondik ere, euskaraz eman ohi diren prentsaurrekoak naturaltasunez jorra ditzan.

Albistegiaren trataera. Osteguneko Boulevard-eko goiz albistegiak Lopez lehendakariak Korta enpresariaren aldeko omenaldian eginiko diskurtsoaren zatitxo bat aireratu zigun; horrek Gipuzkoako diputazioa kritikatu zuen, ordezkaririk ez zuelako bidali ekitaldira. Ondoren, diputazioko oharra aipatu zen, gonbidapena ez zuela jaso zioena. Eta, azkenik, Jaurlaritzaren oharra, gonbidapena bidali zitzaiela esanez. Adierazpen politikoen sekuentzia horrela aurkezteak parte baten aldeko joera erakusten du, eta, batik bat, entzuleari ez dizkio datu guztiak ematen egoera bere osotasunean azter dezan. Hainbesteko lana ote zen ekitaldiko antolatzaileei galdetzea gonbidapenik bidali ote zuten ala ez?

Datu kontrajarriak. Aspaldiko partez elkarrizketatu zerrenda politikoki orekatua agertu zaigu Boulevard saioan aste honetan: Jose Antonio Pastor (PSE) astelehenean, Aintzane Ezenarro (Aralar) asteartean, Alberto Surio (EITB) asteazkenean, Mikel Arana (EB) ostegunean eta Josu Erkoreka (EAJ) ostiralean. Portzierto, kontrajarriak diruditen bi datu eman dizkigute EGMko neurketaren harira: EITBk dio Boulevard-ek 130.000 mila entzule dituela, alegia, «atzetik datorren hurrengo euskal irratiak halako bi». EGMk dioenez, ordea, SER da EAEn entzunena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.