Dena ez baita festa izan

Bukatu dira 2023ko sanferminak, 'Gaixoa ni' abestuta. Oposizioak eta zenbait eragilek Ibarrola alkatearen molde «autoritarioa» txarretsi dute. Sexu erasoak salatu dituzte kalean

Entzierroko hesiak kentzea da jaien amaieraren lehen zantzua. J. MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz - Iker Tubia - Joxerra Senar
Iruñea
2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
«Iruindarrok, bukatu dira 2023ko sanferminak». Urtero bezala, Iruñeko alkateak agur esan zien festei udaletxeko balkoitik. Plazan, zapiak eta kandelak eskuan, Gaixoa ni abestu zuten ehunka pertsonak, eta zita egin zuten datorren urterako: «Plaza honetan bertan elkartuko gara, 2024ko uztailaren 6an».

Atzo arratsaldean heldu ziren talde politikoek eta eragileek sinatutako lehen balorazioak, eta Cristina Ibarrola alkateak (UPN) balantze ofiziala eginen du gaur, 12:00etan. Ordura arte, baina, hauek dira aurtengo sanferminetako gertakari nabarmen batzuk.

DEBEKUAK
Karrikako eskaintza jakin bati muga paratu nahian

Cristina Ibarrolaren lehenbiziko sanferminak izan dira, eta zenbait sektoreri egindako debeku eta mehatxuekin aurkeztu du bere burua alkate berriak. Bestak hasteko bezperan, uztailaren 5ean, udaltzainak zenbait lekutatik pasatu ziren isunekin mehatxu egitera: Herriko Taberna, Katakrak, Laba eta Monton ostatua [Ernaik kudeatzen du], gutxienez. Egoera ikusirik, Herriko Tabernak musika eskaintza bertan behera utzi behar izan du; Katakrakek, berriz, murriztu egin du. Karrikan jotzen aritzen diren migranteen emanaldiak ere gelditu dituzte udaltzainek, baimenak eskatzeko, eta, asteburuan, Sarasate pasealekuan zegoen talde bati bozgorailuak eta zenbait musika tresna kendu zizkieten, baita isuna paratu ere. Musikarien kontra ez ezik, karrikako saltzaileen kontra ere aritu da Polizia. Africa United elkarteak jazarpen hori salatu du.

Aurreko agintaldian bezala, aurten ere ez da txosna gunerik izan sanferminetan, UPNk Arrotxapea auzora bidali nahi zituelako. Horren ordez, egun baterako baimena eman zieten O-ko Andra Mariaren plazan bazkaria, kontzertuak eta barra muntatzeko. Herri Sanferminak plataforma kezkaturik dago, egoera hori normaltzen ari baita.

Udal talde politiko batzuek ere kritika egin diote Ibarrolaren gobernu taldeari: EH Bilduk, adibidez, salatu du UPNk «herri ekinbideak dinamitatu» nahi izan dituela: «Peña jakin batzuei trabak jarri zaizkie lokalak irekitzeko, programa alternatiboen aurkako mehatxuak izan dira, eta herri jaiguneei oztopoak jarri zaizkie». PSNk ere «informazio gardenagoa» eta «eragileen parte hartze handiagoa» aldarrikatu ditu.

GIROA
Egunez jende gehiago, gauez baino
 

Lehen bi egunetan zaparradak izan ziren, baita txingorra ere. Hala ere, tenperatura goxoa izan da egun gehienetan, bi egun berotsu kenduta. Karrikan giro ederrean pasatu dira aurtengo sanferminak. Iaz pandemia osteko lehen sanferminak izan zirenez, erauntsia espero zen, baina azkenean ez da hainbesterako izan. Aurten, ostalariek bitartekoak bikoiztu zituzten, eta asmatu dute. Olatu handi baten gisan, lehen lau egunetan jende oldeak blaitu ditu Alde Zaharreko karrikak.

Gerora, azken urteetako joera baieztatu da: eguerdi partean askoz jende gehiago ibiltzen da gauez baino. Badirudi bermutak arrakasta handiagoa duela gaupasak baino. Dena den, asteburuan zaila izan zen zenbait karrikatatik pasatzea, jendez gainezka zirelako, bai goizez, baita gauez ere; ostiralean batez ere.

Asteburua pasatuta, nabarmen egin du behera bisitari kopuruak, eta besta etxekoentzat izan da nagusiki. Bederatzi egunez musika eta besta giroa izan dira nagusi Iruñean, baina baita zaborra ere. Karriketan pixarik ez egiteko pankartei kasu gutxi egin diete parrandazale batzuek, eta usain txarra nagusitu da txoko batzuetan.
 

SEXU ERASOAK
Borroka feminista, udalak alfonbra azpian ezkutatua

Uztailaren 10ean, ehunka lagunek Gazteluko plaza bete zuten, Iruñerriko mugimendu feministak deituta, ordura arteko eraso matxistak salatzeko. «Nazkatuta gaude jaiak berentzat bakarrik direla pentsatzen dutenez. Hauek gure jaiak ere badira: ez dugu eraso matxistarik onartuko», esan zuten mugimendu feministako kideek. Elkarretaratze hartan, salatu zuten «hogei eraso baino gehiagoren berri» izan zutela.

Mugimendu feministaren mobilizazio gaitasunak, baina, agerian utzi du Iruñeko Udalaren opakutasuna eta erreakziorik eza. Izan ere, beste urte batzuetan ez bezala, udalak sexu erasoei buruz emaniko informazioa oso eskasa eta zehaztugabea izan da aurtengo sanferminetan. Hala, uztailaren 10ean bertan argitaratu zuten indarkeria matxistari eginiko azken aipamena. Ordutik, deus ez. Ea zer dioten gaur.

ENTZIERROA
Azkarraketa molde berekoak

Zortzi entzierroak oso antzekoak izan dira. Igandekoa salbu, gainerakoak 2 minutu eta erdian egin dituzte. Orotara bi pertsona adarkatu dituzte. Zezenak apenas erori diren, eta ez da zezen solterik izan. Arrisku txikia izan arren, Gurutze Gorriak mila lagun inguru artatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.