Iritsi dira aurten ere santanak Ordiziara. Bihar hasiko dira festak, Burrunbazale txarangak lagunduko duen txupinazoarekin, 12:00etan, eta eguerditik aurrera jai giroak hartuko du Ordizia. Txupinaren ondoren, buruhandi eta erraldoien alardea izango da, eta Legazpia, Urretxu, Oiartzun, Uharte-Arakil eta Ordiziako konpartsak izango dituzte bidelagun, txistulari eta trikitilariekin bat.
El Albero zezenzaleen peñak antolaturik, bigantxak eta kuadrillen arteko VII. Bigantxa-futbol-txapelketa jokatuko da San Bartolome auzoan, 17:30ean.
Goizean bezala, konpartsek lagunduko dute arratsaldean ere erraldoien irteera; Alde Zaharrean eta Urdaneta kalean izango da, 18:30ean. Ohi bezala, danborrada irtengo da Bustintzatik, 19:30ean. Ibilbidea plaza nagusian amaituko du danborradak, eta Gurrutxaga maisuaren Ordiziako Martxa joko dute han. Ondoren, kale animazioa izango da, Zomorroak taldearen eskutik.
Astelehenean, eguna ondo hasteko, Laguntasuna Errondailaren Goizeresia izango da, 07:30ean. Ordiziako txirrindularitza klasikoan parte hartuko dutenen aurkezpena egingo dute Joxe Migel Barandiaran plazan, 09:00etan, eta ordubete geroago hasiko da lasterketa. Laguntasuna Errondailaren kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute plaza nagusira biltzen direnek, 13:00ean.
Larru paletaren Ordizia Hiria txapelketaren finalak jokatuko dira Beti Alai pilotalekuan, 18:00etan. Arratsaldeak aurrera egin ahala, musika eta dantza izango dira protagonista. Haurrentzako dantzaldia egongo da plaza nagusian Drindots taldearekin, 19:00etatik 21:00etara. Argentinako Maikan Sumaj Balletaren emanaldia izango da ikusgai Domingo Unanue plazan, 23:00etan. Parranda gogoa dutenek, Drindots taldea izango dute plaza nagusian, eta Beti Alai pilotalekua diskoteka bihurtuko da, 00:00etatik aurrera.
Jaiak. Santanak Ordizian
Dena prest dute Ordizian santanak hasteko
Txarangak, kontzertuak eta kirol txapelketak dira nagusi bihar hasi eta astebetez izango diren festetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu