Iritsi da Arrasateko (Gipuzkoa) txikiteroak itxaroten ari ziren eguna. Urteroko legez, dotore-dotore jantzita eta eskapularioa gainean dutela gurtuko dute beren santu maitatuena: Maritxu Kajoi. Herriko txikiteroak, baina, ez dira bakarrik izango. Euskal Herriko txikitero eta gautxori andana elkartuko zaizkie tabernaz tabernako prozesio amaigabean. Euro baten trukeko pintxo-poteo garaiotan, txikiteo tradizioak bizirik dirauela erakutsiko dute Debagoieneko herrian.
Urtetik urtera oihartzun handiagoa hartzen ari da Maritxu Kajoi, eta horrek ohituren aldaketa eragin du. Tradizioz gauez ospatzekoa zen festa gero eta goiztiarragoa da, eta asko dira afaria bazkariagatik trukatu duten herriko kuadrillak. Kanpotik etorritako lagunek ilunabarrean hartzen dute lekukoa.
Batzuentzako zein besteentzako egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Umorea lagun, eta tradizioa eta berritasuna uztartuz, ekimen andana antolatu dituzte.
Egun handiaren atarikoa, nobenaixua, aurreko ostiralean izan zen, eta Xanti Iparragirre, Joanito Akixu eta Patxi Goikolea omendu zituzten, lehen bertso eskolen sortzaile izateagatik. Ardo eta gazta dastatzearekin batera, Maritxu Kajoiren abesti berria aurkeztu zuten, betiko abestiaren osagarri izango dena. Never Surrender punk taldeak sortu du abestia, festaren 35. urteurrenean.
08:00etan hasiko da iskanbila. Suzirien bitartez ohartaraziko diete herritarrei gaurkoa egun berezia dela Arrasaten. Bi ordu geroago Benetinto XVIII.ak eta Rocco Varela porno izarrak kondoiak eta botilak —botila festa egiteko badira— bedeinkatuko dituzte parrokian.
Poteorako eta bazkarirako tartearen ondoren, herriko bi kazeten arteko lehia antolatu dute 15:00etan: Mondraberri Goienaren aurka. Akats ortografiko gutxien, gezur sinesgarriena, photoshop muntaiarik onena, jarritako argazki kopurua eta abiadura sarituko ditu komisioak.
17:30ean, Irrien Lagunek kaleak girotuko dituzte, herriko plazatik Seber Altube plazara bidean egindako ikuskizunarekin. Euria ari badu, Biteri plazan amaituko da. Ordubete geroago, konpartsa txikiek Maritxuri loreak eskainiko dizkiote. Oria txarangak hartuko du gero Arrasateko kaleak girotzeko lana, 19:30ean.
Urteroko mirariaren zain
Jai batzordeak gogorarazi duenez, Maritxu santa pinpirina da, eta asko estimatzen ditu bere jarraitzaileen lore eskaintzak. 20:30ean izango da horretarako aukera. Eskaintzarekin ase, urteroko miraria egingo du Maritxuk. Berriro bihurtuko al du iturriko ura ardo?
Gauerdian jarraituko du festak. Luhartz taldeak musika emanaldia emango du herriko plazan. Parranda nahi adina luzatuko du gero jendeak. Baina erne ibili beharko dute 01:00etik aurrera Aretxabaletara doazen kanpotarrek. Komisioak ordainsari berria irekiko du, eta handik pasatzen direnek 8,91 euro ordaindu beharko dute. Eskapularioa soinean mantendu duenak erdia ordainduko du.
Denak dotore-dotore Maritxu ikustera
Maritxu Kajoiren 35. urteurrenean abesti berria aurkeztu du jai batzordeak, betiko kantuaren osagarri izateko asmoarekinArropa onena jantzita eta eskapularioarekin aterako dira gaur arrasatearrak kalera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu