Denborak sendatzen dituen zauriak

Charlotte Wellsen 'Aftersun'-ek aitarekin igarotako oporraldi bat du abiapuntu, Sophie alabaren oroitzapenetan oinarrituta

Charlotte Wellsen Aftersun filmeko irudi bat. AFTERSUN.
Uxue Arzelus Lasa.
2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Igerilekua, eguzkia eta fruta exotikoz eginiko edariak. Itsasoan hartutako bainuak, hoteleko gelako balkoia eta karaokean eginiko saioak. Eguzkitako krema, bainujantzi hezeak eta barre algarak. Udako oporraldiek badute ihes egitearekin antzekotasunik; egunerokotik, errutinatik, beldur eta kezketatik aldentzeko garaia dira. Denbora tarte motz batean beste norbait izateko aukera irekitzen da, bizitza erreala pausan geldituko balitz bezala, eta izan nahi zenukeen pertsonaia hori eraikitzeko ingurunea eskaintzen zaizu.

Charlotte Wells zuzendariak 90eko hamarkadan Turkian igarotako oporraldi batean kokatu du bere lehen film luzea. Aita eta alaba baten arteko harremana du aztergai, eta 11 urteko Sophie eta 30 urteko Calumen udako egunak erretratatuko ditu eskoziarrak. Amarekin bizi den Sophiek denbora darama aitarekin egun batzuk igaro gabe, eta oporleku hartan igarotako denbora altxorra da haurrarentzat.

Wellsek, linealki kontaturiko bidaia baten kronika egin ordez, jada hazi den Sophie helduaren oroitzapenen ikuspuntutik erakutsiko ditu opor egunak, eta, oroitzapenak direnez, nahaspilatutako sekuentziak, denbora saltoak eta hutsuneak izango ditu kontakizunak. Sophiek berak eta baita ikusleak ere puzzlearen piezak ordenatzeko saiakera egin beharko dute, baina ez da beti posible izango. Oroitzen duen garai eta aita idealizatu hori berrikusteko nahia du Sophiek, eta gertakizunak heldutasunetik aztertzeko aitzakia baliatu du zuzendariak istorioa eraikitzeko.

Sophieren eta Calumen arteko harremana eta konplizitatea pazientziaz eta era delikatuan kontatu dituzte Wellsek eta Gregory Oke argazki zuzendariak. Eskoziarraren hitzetan, detailerako begia du Okek, eta gorputzak eta keinuak naturaltasunez erretratatzeko gaitasuna du. Gidoi sendoak eta aktoreen lan bikainak borobiltzen dute filma. Izan ere, beste hainbat alderdiren artean, Paul Mescal (Calum) eta Francesca Corioren (Sophie haurra) lana goraipatu du kritikak. Pertsonaiei hainbat geruza emateko trebetasuna erakutsi dute, askotan soilik istorioak aurrera egin ahala ulertu daitezkeen geruzak; eta bien arteko gertutasunak are hunkigarriago eta sakonago egiten du filma.

Denboraren logika hautsiz

Gidoiaren lehen faseetan, oporraldi baten kontakizun soila zen Aftersun. Denbora saltorik gabe, heldutasunetik eginiko berrikusketarik gabe. Azkar baztertu zuen ideia hori Wellsek, eta oroitzapenen filtroa gehitu zion istorioari. Horrela, haur baten ikuspegitik ulertzen ez diren portaerei eta egoerei sakontasun bat emateko aukera zabaldu du, eta askotan ikuslearen interpretazioaren esku geldituko da hutsuneak betetzeko ardura.

Taiwango New Wave deritzon zinema mugimenduko filmak izan dituzte inspirazio iturri oroitzapen multzo eran aurkeztutako istorioa sortzeko garaian. 80ko hamarkadan sortu zen mugimendua, eta zinema industriak ezartzen zituen arauen haustura bat izan zen. Istorioak kontatzeko teknika berriak erabiltzen hasi ziren, era ez era linealean kontaturiko narratibak, esaterako. Wellsek eta Okek haien filmaren gertukoak diruditen kontatzeko era horietatik ikasi dute, baita Chantal Akerman edo Agustina Comedi zinemagileen lanetatik ere, eta buruan zuten filmaren norabidea ezartzen lagundu diete.

'AFTERSUN'
Zuzendaria: Charlotte Wells.
Gidoilaria: Charlotte Wells.
Aktoreak: Paul Mescal, Francesca Corio, Celia Rowlson-Hall.
Argazkia: Gregory Oke.
Generoa: Drama.
Urtea: 2022.
Iraupena: 98 minutu.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Estreinaldia: abenduaren 16an estreinatuko da Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.