Denboraldiko ikusle kopururik txikiena izan du ETB1ek martxoan, eta handiena ETB2k

Beheranzko joera du euskarazko kateak; La Sextaren ehunekoa gutxitu egin da martxoan: 3,3.

urtzi urkizu
2007ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
2006-2007 denboraldia hasi zenetik ETB1en, ikusle kopuruak beheranzko joera du -abenduko salbuespenarekin-, eta azkeneko urteetako portzentajerik txikienera iritsi dira: %3,3. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ehunekoa da hori, eta datu horretara heldu da dagoeneko La Sexta kate berria. ETB2k, berriz, 2007. urtearen hasieratik hona gora egin du, urtarriletik martxora puntu erdia irabaziz: %15,6.

ETB1eko portzentajea oso txikia da, duela bi urtekoarekin alderatuz. %5,3 ikusle izan zituen euskarazko kateak 2005eko martxoan, eta, horrenbestez, bi urtetan bi puntu galdu ditu. 2006ko martxoan, berriz, %4,8ko batez bestekoa izan zuen, orain baino puntu eta erdi gehiago.

Tele5ren ehunekoak behera egin du beste kate batzuen agerpenarekin, baina oraindik ere alde handia ateratzen die bere jarraitzaileei. %23,7ko batez bestekoa du geihen ikusten den kateak, bigarrenak (Antena3) baino zazpi puntu gehiago.

LA2 KATEAREN GUTXIENEKO HISTORIKOA. Espainian, La2 kateak inoiz izan duen bataz bestekorik txikiena eskuratu du martxoan: %4,2. Cuatrok, aldiz, ehunekorik hoberena lortu du: %7,7. Tele5k jarraitzen du lidergoan eta %20ko kuota berreskuratu du. Antena3 eta TVE1 bi puntura daude. La Sextak, bestalde, Munduko Koparik gabe datu hoberena lortu du: %3,5.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.