1956an jaio zen Iñaki Murua, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria. Umetan ekin zion plazako ibilbideari, eta Euskal Herriko hainbat herritan hartu dute txalo artean.
San Ignazio bezperakoa zarelako izena al duzu Iñaki?
Ez, ni Beasaingo klinikan jaio nintzen, eta egun hartan hamabi neska eta ni mutiko bakarra. Erizain batek hartu besoetan eta oihu egin omen zuen «por fin nació» eta Jose Inazio jarri zidaten.
Murua eta Jauregi dituzu lehen bi abizenak. Muruak pareta edo murrua esan nahi omen du. Zer moduz daude zure jauregiaren hormak?
Batzuek moroa ere esan ohi didate… hormak eta ilea, denak kiribilduta dauzkadalako edo…
Oraindik gogoan al duzu eskola nazionalean irakasle izan zenuen Leongo gizon erdaldun hura?
Baita irakatsitakoa ere! Hargatik esan ohi diet ikasleei maisu onarekin asko ikas daitekeela eta txarrarekin ere bai, batik bat zer ez duzun izan behar.
Gaztetan egunez lanean eta gauez ikasten aritu behar izan zenuelako ote zara horren militantea?
Ez, oraindik ere hala ari naizelako naiz militantea, eta geuk egindakoan eta denon artean lortutako hartan sinesten dudalako gehien. Horretarako entrenatu, hezi, ohitu egin behar dugu denok, eta horretan ari gara asmatzen, eta aldi berean huts egiten, nik uste.
Lehen plaza herriko elkartean egin omen zenuen, aita aldamenean zenuela.
Aurrez, Aztiriko familiaren mula-ren ondoan, mano-mano egundoko irrintzi lehiaketa egin eta gero. Hala hartu nuen ofizioa teman saioak egiteko, eta txerrikumea jan genuen afari hartan hasi nintzen lau oinak eta lau hankak bereizten.
Lanbide heziketa egin, eta Goierri lanbide eskolako irakaslea zara. Bertsolari izateak eragin al du ikasleek zureganako duten jarreran?
Neuri lagundu dit behintzat: han eta hemen dabilenak informazio interesgarri asko du batetik eta bestetik; bertsotan ari denak astero pasatzen du azterketaren bat, eta irakasleontzat ere ona da ikasleek azterketa egiten izaten duten trantzea gogoratzea.
Noiz dator bertsolari baten gainbehera?
Gailurra plazak dakar, eta gainbehera plazarik ezak. Halere, zure lekua hartu dutenek zuk zure garairik onenean baino hobeto egiten dutela ikusita, ez duzu gainbeherarik sentitzen, gozatu egiten duzu haiek entzunez.
Bertsolariak erabaki behar al du plazetatik noiz urrundu? Edo entzuleak erabakitzen du norberaren ordez?
Bakoitza mundu bat gara. Ni bertsotan lagunek eta zaleek eskatuta hasi nintzen. Jarraitu ere bertsozale eta lagunen txalo, lan eta babesean egin dut. Nola erabakiko dut uztea nik bakarrik?
Bertsolarien artean zure umorea oso estimatua da. Jendaurrean itxura serioagoa azaltzen duzu.
Parrerik egiten ez duenarekin eta umorerik gabekoekin ezin da inora abiatu. Baina serioa izatea eta umoretsua izatea ez daude kontrajarriak, ala? Beste kontu bat da umorea bertsotan garatzen asmatzea eta jendearekin konektatzea klabe horretan. Zaila da, baina gustuko dut, nahiz eta Lazkao Txiki bakarra izan..
Datorren hilean beteko dira sei urte Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari zarenetik. Zer aldatu da elkartean?
Ia dena: langileak orduan halako lau izango dira, proiektua asko zabaldu da, Elkartea hazi eta garatu dugu, elkarlana bultzatu nahian sareak hedatzen ari gara, aurpegi berri asko daude, generoaz gogoetan ari gara…Bi gauza ez dira aldatu: gure ilusioa; eta diruz orduan bezain larri gabiltza.
Imanol Lazkano lehendakari ohiak, 2005ean, zuri otsailean eta Andoni Egañari abenduko finalean, oso besarkada estuak eta hunkituak eman zizkizuen. Urte garrantzitsua izan al zen?
Bertsozale Elkartean hain pertsona, bertsolari eta lehendakari beharrezkoa izan denak, eta denak, emandako besarkada beti da garrantzitsua. Errelebo urtea izanda, zer esanik ez! Nola Andoni hala ni, bere bidean hezi gara, eta asko ikasi dugu harekin.
Bertso eskolek zergatik ez dute beste eskola askok adina arrakasta?
Oraindik ez dugulako beste eskolek adina eskarmentu, eta ez dugulako gure mezua gizartean behar bezala txertatzeko beste asti izan. Gainera, bertso eskolak atipikoak dira: ia debaldekoak, ikasleak gustura joaten dira, eta mailak ez du adinarekin zerikusirik.
Bertsolaritzak gizarteari erakusteko eta irakasteko asko duela uste al duzu?
Gero eta garrantzitsuagoa izango da. Izan ere, gure gizartean komunikazio eskasa dago, hizketan oso moldakaitz gabiltza, elkarri entzuteko ohiturarik ez dugu, sormena landu ordez ordaindu egiten da… eta ezer ez esateko zenbat hitz egiten dugun alferrik!
Zuri irakurria da: «Udal batentzat ez dira onuragarriak hormigoiarekin egiten diren proiektuak soilik».
Bai eta jakin izan banu eraikuntzara zer nolako krisia zetorren… Udalak herriari bizia eman behar dio, eta bizidunontzat tokiak egin ere bai; baina helburua hormigoia bizi- osagarri izatea da, eta ez bizia hormigoiaren osagarri. Zertarako eraiki dira hutsik dauden kultur etxeak, pilotalekuak… eta zergatik eraitsi beteta zeuden gaztetxeak?
Zu Bertsozale Elkarteko lehendakari zarenetik Euskal Herriko lehendakaria aldatu egin da. Aholkurik eman nahi?
Euskal Herriak ez dauka lehendakaririk, gurea bezalako Elkarteetan izan ezik! Eta ni, azken hogeita hamar urte inguruan, Gasteizko Lopez batekin euskaraz bizi naiz.
ETAren su itzaltzeak zer piztu dizu?
Begirada piztu dit. Baina lelo batzuek eta lelo antzuek begirada sutu egiten didate!
Iñaki Murua Jauregi
«Denon artean lortutako hartan sinesten dut»
Hitzeko eta hitzezko pertsona da Iñaki Murua. Goierriko bertso eskolako partaide, euskaldun militante eredugarria eta umorean titulu gabeko doktorea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu