Erritu gisa hasi zen, baina ariketa mistikoa ikuskizuna bihurturik egiten dute gaur egun. Damaskoko Al-Kindi Ensemble taldeak eta Siriako hiriburuko derbixe birakariak emanaldia taularatuko dute gaur Donostian.
Pertsonaia erromantiko bat dago ekimenaren bihotzean. Bernard Weiss paristarra Mendebaldeko kulturarekin aspertuta, beste kulturak ezagutzera abiatu zen nerabea zela. 1970eko hamarkada zen, eta beste askok bezala egin zuen Weissek.
Kalifornian (AEB) eta Marokon hippyen ametsari jarraitu ondoren, Antilletan Julien izena hartu zuen. Munir Bachir laut jotzailearen musikarekin maitemindu, gitarra baztertu eta Ekialde Hurbilera joan zen. Kanun tresna ikastea aukeratu zuen, eta baita birtuoso bihurtu ere. Berak sortu zuen Al-Kindi Ensemble taldea, sufismoaren mistikoen olerkiak eta musika tradizioa zabaltzeko asmoz. Sheikh Habboush abeslaria izango dute lagun gaur. Musikariek tresnei eragiten dieten bitartean, derbitxeek itzulika dantzatzeari ekingo diote agertokian.
Omar Faruk Tekbilek musikari turkiarrak gogor kritikatu izan du derbixeen erritua ikuskizuna bihurtu izana: «Rumi mistikoak biratzen zuen estasian zegoelako, baina jendeak gaur uste du estasian sartuko dela biratzeagatik».
DAMASKOKO DERBIXEAK
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Non. Kursaalean, Donostian.
Derbixe birakariak Donostian
Damaskoko Al-Kindi Ensemble taldeak eta Sheikh Habboush abeslariak ikuskizun-erritua lagunduko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu