Desagertutako mendizaleak bilatzeko saioak eten dituzte

Goschl, Hussein eta Hahlen aurkitzeko itxaropenik ez dute; beste mendizaleak hasi dira kanpalekua uzten

2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Astea bete da Gerfried Goschl, Nisar Hussein eta Cedric Hahlen mendizaleen berririk gabe, eta haiek aurkitzeko ahaleginak bukatutzat ematea erabaki dute. Gasherbrum I mendia hegoaldeko hormatik igotzen ari zirela ikusi zituzten azkenekoz. Adam Bieleckik eta Janusz Golabek G-Ieko tontorretik ikusi zituzten, 08:30 aldera. Goranzko bidean ziren. Alex Txikonek G-Ietik gertu dagoen Hegoaldeko Gasherbrum mendiaren lepotik begiztatu zituen hiru taldekideak. Eguerdia zen, eta 7.700 metrora zeuden, goranzko bidean oraindik ere. Berandutxo, aukeran. Haizea zakartu, eta hotza areagotu egin zen ondorengo ordu eta egunetan. Ordutik haien berririk ez dago.

Mendizaleen arrastoren baten bila bigarren kanpalekuraino igo ziren Shaheen eta Abbas pakistandarrak, asteazkenean. Ez zuten ezer ikusi. Eguraldi txarragatik, Pakistango armadako helikopteroek ezin izan zituzten atzo arte mendia ikuskatzeko hegaldiak egin. Mendiaren bide arrunta eta hegoaldeko isurialdeko plateau edo ordeka zabala ikuskatzeko modua izan zuten atzo, baina emaitzarik gabe. Kontuan hartu behar da Goschl, Hussein eta Hahlenen asmoa G-Iera hegoaldeko bidetik igotzea eta iparraldetik jaistea zela. Egunen joan-etorriarekin mendizaleak bizirik aurkitzeko itxaropena agortuz joan da, eta atzo eman zituzten bukatutzat bilaketa lanak. Gerfried Goschlen anaia Skardun da dagoeneko, eta hark eskatu zuen bilaketa bukatzeko.

Vitaly Goreliken heriotza K2n

Goschl, Hussein eta Hahlen mendizaleen desagerpena ez da aurtengo neguan Karakorumen gertatutako ezbehar bakarra. K2 mendiko beheko kanpalekuan hil zen Vitaly Gorelik errusiarra, otsailaren 7an. Egun batzuk lehenago izozteekin jaitsi zen menditik, eta espedizioko medikuaren zaintzak ez ziren aski izan, baina mendizalea beheko kanpalekutik atera behar zuen helikopteroa ez zen eguraldi txarragatik iritsi, eta Gorelikek beheko kanpalekuan eman zuen azken hatsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.