Dhaulagiri, hamargarren urratsa

Alex Txikonekin eta Asier Eizagirrerekin igo da mendi tontorrera Edurne Pasaban; hamalau zortzimilakoetara igo direnen zerrendan sartu da Ivan Vallejo.

EKAITZ AGIRRE DONOSTIA
2008ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Gailur dantza handia izan zen atzo Dhaulagirin (8.167). Zortzimilako mendiek ez dute oparirik egiten, eta zirrikitu txikiena baliatu behar izaten dute mendizaleek tontorrera iristeko. Eta Dhaulagirik mendizale talde handia hartu zuen atzo, Al Filo de lo Imposible telebista saioko espedizioa osatzen duten bost mendizaleak tartean: Edurne Pasaban, Asier Eizagirre, Alex Txikon, Ferran Latorre eta Ivan Vallejo. Hamalau zortzimilakoak igotzeko bidean, hamargarren urratsa egin du Pasabanek Dhaulagirin; Vallejo, berriz, aspaldiko ametsa bete eta igo da hamalau mendirik garaienetara. Gailurretik behera, 7.400 metrotan pasa dute gaua mendizaleek, eta, ongi bidean, gaur jaitsiko dira beheko kanpalekura.

Gailurreko bideari 03:00etan ekin zioten, hirugarren kanpalekutik abiatuta. Hogeitik gora mendizale zeuden bertan. Aurretik 850 metro. Espero baino gogorragoa eta luzeagoa egin zitzaien igoera. «Haize handia egin du, eta gailurrera iritsi baino lehen dagoen zeharkaldian elurra ondo bazegoen arren, luzea egin zaigu oso», onartu zuen Pasabanek Euskadi irratian egindako adierazpenetan. Zeharkaldia soka finkoak jarrita igaro zuten.

Gailurrera iristen lehenengoak Vallejo eta Latorre izan ziren, 11:45ean. Ordubete pasatxora iritsi ziren Eizagirre, Txikon eta Pasaban, 13:00etan. «Azken zatia igotzen ari ginela elkartu gara Vallejorekin. Jaisten ari zen, eta asko poztu gara harengatik». Eizagirrek eta Pasabanek ere bazuten zer ospatu: «Duela hamar urte elkartu ginen lehen aldiz Dhaulagirira igotzeko, eta azkenean igo gara».

Hamalau zortzimilakoak ditu begiz joak Pasabanek, eta bide horretan hamargarren urratsa egin du Dhaulagirin. Shisha Pangma (8.046), Annapurna (8.091), Manaslu (8.163) eta Kangchejunga (8.586) falta ditu zerrenda osatzeko. Udazkenean Manaslura joateko asmoa du Pasabanek, baina oraindik espedizioetan pentsatzeko goizegi dela esan zuen atzo.



VALLEJO, HUNKITUTA. Hamalau zortzimilakoetara igo direnen zerrenda preziatuak mendizale bat gehiago du atzotik: Ivan Vallejo. Gailurrera bidean azken metroak negarrez igo zituen ekuadortarrak, hunkituta, emozioak jota. «Azken metroak Jainkoari eta bizitzari eskerrak ematen igo ditut, emozioz negarrez», zioen mendizaleak. 1997an igo zen Manaslura, lehenengo zortzimilakora. Ez zuen berehalakoan atzoko eguna iritsiko zenik pentsatu. «Everestera igotzea nuen orduan amets, ez hamalau zortzimilakoetara igotzea». Aurrerantzean amets berrien peskizan hasiko da Vallejo. Aurrez, ordea, Euskal Herrira etorriko da, Pasaban, Eizagirre eta Txikonekin batera. Badu zer kontatua.



«Espero baino gogorragoa eta luzeagoa izan da igoera; hunkitu egin gara gailurrera iristean»

edurne pasaban
Mendizalea




Hamar ZorTzImILaKoaK

Everest(8.848),2001

Makalu(8.463) 2002

Cho Oyu (8.201) 2002

Lhotse (8.516) 2003

Gasherbrum II (8.035) 2003

Gasherbrum I (8.068) 2003

K2 (8.611) 2004

Nanga Parbat (8.125) 2005

Broad Peak (8.046) 2007

Dhaulagiri(8.167) 2008
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.