Diabetesa izaten da pertsona baten odoleko glukosa maila (azukre mota bat) behar baino gorago dagoenean. Odoleko azukre maila (gluzemia) normaltzat jotzen da glukosa odolean 65-110 mg/dl artean badago. Neurri hori gaindituz gero, pertsonak diabetesa du. Azukre gehiegi horrek kalteak eragin ditzake batez ere arteria txikienetan —begietako eta giltzurrunetako arterietan batik bat—. Hori dela eta, garrantzitsua da diabetesa zorrotz zaintzea.
Hala ere, ez dute diabetes bera 150 mg/dl dutenek edo 300 mg/dl dutenek. Ezberdina izango da janariari eta ariketa fisikoari jarri beharreko arreta bi kasu horietan, bietan diagnostikoa diabetesa izan arren.
Datozen jaietan, arruntak dira gehiegikeriak jan-edanean. Eta gehiegikeria horiek ondorio ezatseginak ekarri ohi dizkiete denei: betekada, urdaileko pisutasuna, horren ondorioz ongi lo egiteko zailtasunak eta abar. Oinarrizko nutrizio ezagutzak izanda eta arau egoki batzuk jarraituta, jai horietako menuek bat egin dezakete gure osasunarekin, baita diabetikoak direnen osasunarekin ere. Posible da janariez gozatu eta aldi berean osasuna zaintzea.
Gabonetanzaindu beharrekoak:
Lehen esan dugun bezala diabetes maila guztiak ez dira berdinak. Odolean azukre maila oso gora duenak menua modu zorrotzagoan zaindu beharko du, baina diabetes kasu guztietan jarraitu beharreko aholkuak honako hauek dira:
• Egunean sei otordu egin: Gosaria, hamaiketakoa, bazkaria, askaria, afaria eta ohera joan aurreko otordua: esnekiren bat eta diabetikoentzat egokitutako galleta edo ogi zatiren bat. Otordu handiak eta gutxi egin beharrean, otordu txikiak eta maiz. Ez da komeni janaldi handiak egitea. Maiz otorduren bat ez egiteko tentazioa izan ohi da, Gabonetako otordu nagusian gehiago jateko. Hori diabetesaren kasuan oso kaltegarria da, azukre mailak gorputza desorekatzen duten gorabehera arriskutsuak izan ditzakeelako. Beraz, jai hauetako afari-bazkari berezietan, kopurua zaintzea beharrezkoa izango da. Bazkari-afarian jaten diren plateren kantitatea zaindu, eta, ondoren, handik bi ordura beste zerbait jan daiteke.
•Azukre kopurua: Gabonetan hain ohiko diren turroi eta gozoak jan daitezke. Diabetes mailaren arabera, guztiarekin bezala, kopurua mugatu beharko dugu. Bestalde, merkatuan badira diabetikoei egokituta azukrearen ordez gozagarriekin eginiko turroi eta gozoak. Egokituak izan arren, ez du esan nahi, nahi adina jan daitekeenik. Beti izan beharko da kontuan kantitatea-kopurua. Kasu horietan ere, etiketak irakurtzea garrantzitsua izango da. Gluzemian gutxien eragiten duten gozagarriak hauek dira: sakarina, aspartamoa eta sorbitola. Hobe horiek dituzten gozoak erostea, sakarosa, maltosa edo fruktosa dituztenak baino.
•Irin integralak: Ogi, zereal eta janariak prestatzeko irin integralak erabiltzea gomendatzen da.
•Edari freskagarriak: Edari freskagarriei dagokienez, aipatutako gozagarriak dituzten light edariak erabiltzea hobe. Alkohola duten edarietan, kopatxo bat ardo, sagardo edo kaba har daiteke. Oro har, likoreen azukre maila handia izan ohi da, eta hobe horrelakorik ez hartzea, alkoholik eta azukrerik gabeko bereziak ez badira, behintzat.
•Dosi bera: komeni da izan dezakezun tratamenduaren dosi berarekin jarraitzea. Jaten duzunaren arabera, intsulina gehiago hartzeko erabakia, jarraipena egiten dizun sendagilearekin komentatzea ezinbestekoa izango da. Ez hartu erabakiak zeure kasara.
•Ariketa fisikoa: Neurriko ariketa fisikoa egin behar da.
Ideia osasuntsu batzuk:
• Hasteko: Tostada integraletan jarritako txaka maionesarekin, urdaiazpiko xerra bat, muskuiluak tomatearekin, muxilak saltsa berdean, atunarekin beteriko arrautzak, zainzuri edota orburuak... Entsalada guztiak, menestraren bat....
• Jarraitzeko: Otarrainxka egosiak, edozein arrain labean, indioilarra labean, koipe gutxiko edozein haragi...
• Postrea: Aipatutako turroi edo gozo zati bat edo beste eta beste hainbat aukera: sagar erreak; fruten mazedonia jogurtarekin; fruten irabiakiak; fruta fresko, fruitu lehor eta esnekiekin prestatutako edozein postre.
Ikusten dugun bezala, ia denetik jan daiteke. Garrantzitsuena da, hala ere, sei otorduetan ondo banatu eta kantitatea zaintzea. Gozatu janariaz ohitura osasuntsuekin, eta Eguberri on!
Elikadura
Diabetesa Gabonetan
Eguberri jaietan normalean baino gehiago jaten eta edaten da. Diabetesa dutenek bereziki zaindu behar dute euren arazoa, baina posible dute janariaz gozatu eta aldi berean osasuna zaindu. Elikadura eredu batzuk jarraitu behar dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu