Ezohiko enkargua jaso zuten herenegun Usurbilgo Arrospide Banaketak etxean (Gipuzkoa). 20 urte daramatzate produktu mikologikoekin lanean, eta orain arte ikusi gabeko boilurrarekin egin dute topo: 850 gramoko Tuber melanosporum boilur beltza.
Normalean, hiru eta zazpi zentimetro arteko diametroa izaten du boilurrak, eta 50 eta 150 gramoren bueltan ibiltzen dira aleak. Horrek ematen du jasotako onddoaren garrantziaren neurria.
«Lanean daramatzagun 20 urteetan jaso dugun alerik handiena da», dio Aiora Arrospide etxeko arduradunak. Orain gutxi arte arrospidetarrengana iritsitako boilur handienak 400 gramo inguru pisatzen zuen; berriki jaso dutenaren erdia.
Morella aldean, Castellon (Herrialde Katalanak) topatu zuten harribitxia, eta Arrospide Banaketak enpresara bidali zuten.
Itxura irregularra du, eta errugbiko baloi baten tamainaren antzekoa da. Azal haragitsua eta trinkoa du, eta lurrin indartsua dario. Azala kolore beltzekoa da, zain zurixkez inguratua.
Usurbilera iritsitako boilur erraldoia basa boilurra da. «Ez da laborantzan hazitakoa. Bestela, ez luke horren usain indartsua izango», adierazi du Arrospidek.
Boilur erraldoiak badu jaberik dagoeneko. Gaur goizean banatuko dute inguruko jatetxe batera. Goi mailako jatetxeak izaten dira bezerorik finenak boilurrei dagokienez.
Preziatua da oso boilurra gastronomian, eta horrek eragina du ere prezioan. Arrospidek azaldu duenez, boilur beltzaren kiloa 950 eurotan ordaintzen da. Hortik datorkio urre edo diamante beltzaren ezizena.
Lur azpian hazten den onddoa da boilurra, eta haren zapore eta lurrin berdingabeak jakiei ematen dien berezitasunak egiten du horren baliotsu sukaldarien artean. Gordinik baliatzen da sukaldean, surik eta berorik erabili gabe.
Lurrin berezia dario boilurrari, lurraren zapore misteriotsua platerera ekartzen duena. Zapore indartsu eta mingotsa du, eta edozein jakiri ukitu berezia emateko gai da.
Haragiak, nahaskiak, saltsak, zopak eta beste hamaika jakitan erabiltzeko aproposa da urre beltza. Elikagaien ondoan jartze hutsak ukitu berezi hori kutsa dezake.
Lur azpian, 40 zentimetro ingurura hazten da boilurra, eta horrek lan nekeza bilakatzen du hura topatzea. Artea, haritza eta urritza zuhaitzen sustraiekin batera hazten da.
Heldutasunera iristen denean, lur azpiko onddoak usain bizia askatu, eta animalia ugari erakartzen ditu. Gizakia antzematera iristen ez den lurrina da, eta, horregatik, animaliak baliatzen dituzte bilketarako, batez ere hezitako zakurrak.
Abendutik otsailera bitartean izaten da boilur beltz aleak jasotzeko garaia. Hasi besterik ez da egin, beraz, lur azpiko urre beltza jasotzeko denboraldia. Ikusteko dago ea horrelako beste boilurrik aurkituko duten.
Diamante beltz erraldoia
Usurbilgo Arrospide Banaketak etxean inoiz ikusiriko boilur beltz handiena jaso dute: 850 gramoko boilurra. 807 euroren truke erosi die jatetxe batek osagai preziatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu