Euskal Herrian ez eze, munduko beste toki batzuetan ere ospatuko dute Santa Ageda, eta kopla kantari ibiliko dira. AEBetan, adibidez, Boise hirian, ikastolako haurrak ibili ziren atzo kantuan. Bi eta bost urte arteko 22 haur kopla kantari aritu ziren. Ikastolara joateko aukerarik izan ez zuenak etzi astelehena badu beste aukera bat. Boiseko euskara ikasleek antolatuta, Euskal Museotik aterako da taldea, 19:00etan, eta hiriko euskal guneko tabernetan ibiliko da kopla zaharrak abesten. Ibilbidea Lekuona jatetxean bukatuko dute.
Boisen 30 ikasle dabiltza euskara ikasten, eta, egunotan, Santa Agataren istorioa eta koplak ikasten ibiltzeaz gain, kantuan ateratzeko makilak prestatzen ere aritu dira. «Santa Agataren istorioa eta tradizioa kontatzen ibili gara ikasleei, eta makilak ere erosi eta apaindu ditugu, haiekin kalera ateratzeko», azaldu du Izaskun Kortazarrek, Boiseko euskara irakasleak. Garai batean ospatzen zuten Santa AgedaBoisen, baina azken urteetan bazter utzia zuten, eta aurten berriro berreskuratu dute ohitura. «Usadioa berriro berreskuratzen saiatu gara. Ez dakigu zer harrera izanen duen, baina, ikasleez gain, euskal komunitateko jendea ere gonbidatu dugu».
Dena dela, hor ez dira kalez kale ibiliko, han garai honetan hotz handia egiten duelako kanpoan egoteko. «Hotz itzela egiten du hemen kanpoan; horregatik, tabernaz taberna joango gara. Aurten negu arraroa eta lasaia izaten ari da. Ez du hotz handirik egiten, eta elurrik ez dugun kaleetan; baina, normalean, zaila izaten da toki batetik bestera mugitzea». Gaur, bestalde, Gooding herrira joanen dira —hori ere Idaho estatuan dago—, hilero bertako euskal etxean egiten duten afarira. Hara ere makilak eramanen dituzte, eta ikasi dituzten koplak erakutsiko dizkiete.
Baina Boisen bakarrik ez, AEBetako beste hiri batzuetako euskal etxeetan ere ibiliko dira kopla kantari. New Yorkeko euskal etxean eta Elkon ere ospatuko dute Santa Ageda.
Hurbilagora etorriz, Madrilgo euskal etxekoek ere antolatu dute Santa Ageda, eta korua Espainiako hiriburuko erdiguneko kaleetatik ibiliko da gaur. 19:00etan San Nicolas plazatik aterako da taldea, eta Puerta del Soletik igarota,euskal etxean bukatuko du saioa, Jovellanos kaleko hirugarren zenbakian.
Diasporan ere, kopla kantari
Euskal Herritik kanpo ere santa eskean ariko dira taldeak, Santa Agedako koplak munduko txoko askotara hedatuz. AEBetan, adibidez, Boisen, atzo atera ziren kantuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu