Ez dakit zergatik den. Ikusi nuen lehen aldian lortu zuen nire arreta. Etxean bazkaltzen dudan aldiro jartzen dut. Ez du nire mundu ikuskerarekin bat egiten. Ez naute hilketek erakartzen. Polizia nahiago dut urrun. Zientzia ez da nire indargunea. Morboak goragalea sortzen dit. Eta, hala ere, guztiak biltzen dituen saioa ikusteko irrikaz egoten naiz. Ez naiz bakarra, nire gelaren aldamenean lo egiten duena ere berdintsu dabil. Baita ezagutzen ez dudan jende gehiegi, Crímenes Imperfectos dokumental sortak ikus-entzule kopuru handi xamarra du eta.
Dokumentalek egitura sinplea dute. Normalki, 90eko hamarkadako AEBetako hilketa bat aurkezten zaigu hasieran. Abiapuntu horrek jarraipen logikoa du. Kasua aztertzen duten poliziek eta forentseek hartzen dute protagonismoa. Gertakariak izandako lekuan ageri diren aztarnak aztertu eta lekuko bila hasi ohi dira. Lekukoetatik susmagarrietara egiten dute jauzi. Handik, atxiloketetara. Behin geldeketak hasita, kontraesanen bila aritzen dira. Horiek froga bihurtzen dituzte. Epaileari aurkeztu eta kartzela zigorra da amaiera.
Bien bitartean, soinuz eta irudiz, erredundantzia morbodun ukaezinez, arreta bereganatzen saiatzen dira. Noski, 90eko hamarkadako kasuak direnez gero, irudien kalitate eskasa zein irudi falta nabarmenak dira. Horri aurre egiteko, ordea, gertaerak berregiten dituzte, haien modura. Komeni den modura. Ikuskizunaren neurrira. Gure barneko arra kitzikatzeko moduan, betiere, dilistak kontrako eztarrira eraman gabe. Eta, izatez, ez da erraza hilketak eta bazkalordua era horretan uztartzea.
Ez naiz sarritan uste bezain pertsona ona. Ezin da horrela izan. Saioak barregura eragiten baitit. Irudiak eta kontakizuna lotzeko erabiltzen dituzten polizien eta forentseen testigantzak ikaragarri onak iruditzen zaizkit. Grazia egiten didate haien profilak, haien buruhausteek eta kasu amaierako haien asebete aurpegiak. Grazia hiltzaileen karikaturak, bereziki atxilotu eta ebidentziei izkin egiteko ebidentzia areagotzen dutenean.
Ez dakit istorioak benetakoak ote diren. Ziur asko, ez dira azaltzen dituzten bezalakoak. Errazegia da kontua bere horretan sinistea. Estatubatuarregia da gauza onerako. Agian, heroiak ez dira hain heroi izango. Gaiztoak ere ez hain gaizto. Baina... gose naiz. Irrikaz nago bazkalordua noiz iritsiko.
Ekografiak. Jokin Labaien
Dilista morbodunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu