Dinosauroa

Xabier Etxaniz Rojo.
2010eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Sekula ez dut oso ondo ulertu Augusto Monterroso idazle hondurastarra ospetsu egin zuen eta literaturaren historian motzena omen den El Dinosaurio izeneko ipuina. «Cuando despertó, el dinosaurio todavía estaba allí» (Esnatu zenean, dinosauroa han zegoen oraindik). Idatzi bazuen, idatzi zuen ba! Eta, jakina, jarraian lotara joango zen Monterroso jostaria, irakurlea umezurtz utzita. Eta nor demontre da dinosauroa? Eta nor demontre da lotan zegoena? Eta zerk esnatu zuen? Ene! Galderak ipuina bera baino luzeagoak dira eta!

Zorionez, orain ulertu dut dena. Eta dena azken hilabeteotan Donostiako airean zehar dabilen 2016ko espirituari esker. Bai, ene lagunok, Donostia eta Kultura sinonimoak dira. Hemen idazleok eta musikariok irribarre zabal batez ibiltzen gara kaletik, gure zumardiak margolariz josita daude, gure autobusak eskultorez, gure okindegiak ballet dantzariz. Gurean gilda bat altxatzen duzu tabernako barratik eta aktore bat agertzen da. Eta dena gure alkateari esker.

Baten bati gehiegikeria irudituko zaio nire idatzia. Ez dut uste. Odon Elorzak urte mordoa darama kultur egileak zaintzen. 1991 urteaz geroztik. Oker ez banago, bost legealdi dira eta, 2016ko espirituak bultzaturik, izango da seigarrenik. Gure Odon eternoa da, eta kulturarekin duen lotura hain da handia, hain nabarmena, non orain argi eta garbi ikusten baitut dena.

Irakurle maiteok, orain badakigu nortaz ari zen Monterroso bere ipuinean.

Bejondeigula.

Bejondeiola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.