Arazoa begi bistakoa da: hainbat gailu erabiltzen ditugu hainbat lekutan, eta guztiekfitxategiak eta datuak gordetzeko diskoa eskaintzen dutenez, azkenean buruhauste franko sortzen da zer non dagoen jakin nahi denean. Demagun, erabiltzaile batek lantokiko ordenagailuan dokumentu baten edizioa hasi eta etxeko ordenagailuan lanean jarraitu nahi duela. USB giltza bat har lezake eta fitxategia bertan gorde bere etxean edizioarekin jarraitzeko. Lantokitik bere buruari zuzendutako posta mezu bat bidaliz ere, gero, etxean, posta mezua jaso eta txertatutako dokumentua berreskura lezake edizioarekin jarraitzeko.Azkenean, dokumentuaren hainbat kopia kudeatu beharko ditu erabiltzaileak: laneko ordenagailuan dagoena, etxeko eramangarrian dagoena, USB giltzan edo posta kontuaren sarrera erretiluko zoko ezkuturen batean dagoena.
Nahas-mahas hori konpontzeko, on line eskaintzen diren web biltegi-zerbitzuak erabil daitezke.
Zer dira webbiltegi-zerbitzuak?
Web biltegi-zerbitzuek arazo hori konpontzea dute xede, hots, sinkronizazio ezaren arazoa. Zerbitzu horiek erabiliz, gailu guztiak Interneten dagoen biltegi batekin sinkronizatzen dira, eta erabiltzaileak, bere etxeko ordenagailu nahiz sakelakoarekin ari dela ere, dokumentuaren azken bertsioa izango du eskura sinkronizazioan parte hartzen duten gailu guztietan.
Aurreko adibideari jarraituz, erabiltzaileak, bere lantokiko eta etxeko eramangarrian, web biltegi-zerbitzua eskaintzen duen software bat instalatu beharko du. Lantokiko ordenagailuan dokumentu bat sortzen denean, ordenagailuan instalatutako softwareak Interneten kargatuko du fitxategia, eta etxera joan eta bertako eramangarria pizten denean, eramangarriak saretik dokumentu berria jaitsiko du eta erabiltzailearen eskura utziko du karpeta jakin batean.
Zerbitzu batzuek, doan, giga batzuetako edukiera duten biltegiak eskaintzen dituzte, eta ordainpeko harpidetzaren truke, edukiera handiko edo mugarik gabeko edukiera duen zerbitzua eskaintzen dute. Hainbat dira horrelako zerbitzuak eskaintzen dituzten guneak; adibidez: DropBox (http://www.dropbox. com/), Wuala (http://www.wuala.com/), Mozy (http://mozy.ie/) etaWindows Live Mesh (https://www.mesh.com), besteak beste.
DropBox dugu zerbitzu ezagunenetako bat. 2 GBko biltegia eskaintzen du doan, eta ordainpeko harpidetza erabiliz, gehienez 100 GBkoa. Windows, Mac edo Linux sistema eragileak dituzten ordenagailuetan erabil daiteke, eta baita Iphone, Ipad, Blackberry eta Android sistema eragilea duten sakelakoetan ere. Sinkronizatutako fitxategiak edozein lekutatik atzitzeko webgunea ereeskaintzen du: http://www.dropbox.com/.
DropBoxen erabilera
DropBox ordenagailuan instalatzean, disko gogorrean karpeta bat sortzen du software horrek, aurrerantzean DropBox karpeta modura izendatuko dena. Karpeta horretan jartzen den edozein fitxategi DropBox instalatu dugun beste ordenagailu edo gailu eramangarri guztiekin sinkronizatuko da. Sinkronizazioa lortzeko, lehenik eta behin, fitxategia Internetera kargatuko da, DropBoxek kudeatzen duen biltegira, eta gero, beste gailuak Interneten eduki berria dagoela ohartzen direnean, fitxategi hori beste gailu horietara deskargatuko da.
Demagun erabiltzaile bat DropBox karpeta barruan dagoen fitxategi bat editatzen dabilela. Fitxategia gorde bezain pronto, DropBox zerbitzua fitxategi hori erabiltzaileak DropBox instalatu duen ordenagailu eta gailu eramangarri guztietan sinkronizatuko da, hau da, fitxategi hori beste ordenagailu eta gailu eramangarri guztietan ere gordeko da.
Fitxategiak partekatu nahi badira eta lan talde bati fitxategi batzuetan lan egiteko aukera eskaini, DropBox karpeta barruan dagoen karpeta bat hautatu eta DropBoxen kontua duten erabiltzaileekin parteka daiteke karpeta horren edukia. Nahi den bakarra hirugarren bati fitxategiaren berri ematea bada, fitxategia atzitzeko URL edo helbide bat eskaini dezake DropBoxek.
DropBoxen dauden fitxategiak automatikoki sarera kargatzen direnez, ziurtasun kopia sistema modura ere erabil daiteke DropBox. Ordenagailua hondatzen bada, Internetera jo eta DropBoxen aurki daitezke sinkronizatutako fitxategiak. Doaneko kontuak 2 GBko edukiera eskaintzen du; leku gehiago behar izanez gero, ordainpeko harpidetza kontratatu beharko litzateke.
Fitxategi bat editatu eta DropBoxek sareratzen duen bakoitzean, fitxategi horren bertsio berri bat gordetzen du. Horrela, fitxategiaren historia guztia dago eskura eta edozein bertsio berreskura daiteke. Ezabatzen diren fitxategiak ere berreskura daitezke DropBoxen webgunetik.
Disko-biltegi zerbitzuak 'on line'
Egunetik egunera gailu gehiago erabiltzen dira, eta horietan dokumentuak gordetzerakoan arazoak sortzen dira; horiek konpontzeko hainbat bide daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu