Disney Plusek 'Mulan' filma estreinatuko du bihar, 22 euroan

Martxoan estreinatu behar zuten aretoetan, baina 'streaming' plataformara helduko da zuzenean

Mulan filma zinema aretoetatik pasatu gabe iritsiko da Disney Plus ordainpeko plataformara, bihar. JASIN BOLAND / DISNEY.
urtzi urkizu
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Ordainduko zenuke 22 euro pelikula bat ikusteagatik? Azkeneko egunetan, hainbat sare sozialetan eta eztabaida forotan zabaldu da galdera hori. Izan ere, Disney Plus ordainpeko plataformak—Euskal Herrian, zazpi eurokoa da hileko kuota— Mulan filma eskainiko du bere katalogoan, eta harpidedunek 22 euro ordaindu beharko dituzte ikusteko. Behin diru hori ordainduta, harpidedunek nahi adina aldiz ikusi ahalko dute pelikula. Hiru hilabetez iraungo du eskaintza horrek, abenduaren 4tik aurrera modua izango baita pelikula gainkosturik gabe ikusteko katalogoan; azken datu hori ezkutuan gordetzen ari dira.

Bezero asko kexu azaldu dira, 22 euroko ordainketa gehiegizkoa dela iritzita. Eta badira esaten dutenak familia bat zinemara joaten denean diru gehiago gastatzen duela. Izan ere, familiak dira Disneyren eskaintza berriaren publiko espezifikoa. Walt Disney Companyko zuzendari eragile Bob Chapekek adierazi du salbuespena izango dela film bat 22 euroan jartzea, eta ez araua. Pandemiaren eraginez, hainbatetan atzeratu behar izan dute zinema aretoetako estreinaldi eguna, eta horregatik erabaki dute estreinaldia konpainiako streaming plataforman egitea. Enpresak aztertu nahi du «esperimentua» nola ateratzen den: ea munduan harpidedun kopuruak gorantz egiten duen ala ahaleginak porrot egiten duen.

Mulan filma etxean ikustea ez dute planteatu nahi ikustaldi soil gisa, baizik eta «ekitaldi berezitzat»: familia osoa pantailaren aurrean estreinaldi batez gozatzeko jarriko den ekitalditzat, alegia. Prezioa merkea ez bada ere.

168,6 milioi euro kostatu da

Disneyren erabakian, halaber, kontuan hartu behar da Mulan ez dela film merke bat izan: 168,6 milioi euroko aurrekontua izan du. Horri gehitu behar zaio marketinean inbertitutako dirutza. Mundu osoko zinema aretoetan estreinatu beharreko pelikula izaki, gaur egun nazioartean dagoen osasun egoerak ziurtasun eza sorrarazten du aretoen errentagarritasunari begira. Aste gutxiren buruan ikusiko da Disneyren apustuak nolako erantzuna duen.

Zinema aretoetako arduradun askok haserre hartu dute Disneyren erabakia. Parisko areto baten arduradunak Mulan filmeko promozio afixa erraldoia hautsi zuen beisbol bate batekin, konpainiak pelikula streaming plataforman estreinatu behar zuela jakin zenean. Bideoa biral egin zen.

Mulan marrazki bizidunetako klasiko baten remake-a da, baina, kasu honetan, hezur-haragizko aktoreekin grabatu dute. Niki Caro da zuzendaria, eta bi ordu irauten du. Neska gazte baten istorioa kontatzen du: dena arriskatuko du familiarenganako eta haren herriarenganako duen maitasunagatik, Txinako borrokalari onenetako bat bilakatu arte. Txinako armadan sartuko da, mutilez mozorrotuta, eta askotariko desafioei egin beharko die aurre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.