Bitxia da. Telesailek inoiz baino indar handiagoa dute. Lekua kendu diete bestelako emankizunei. Inoiz ez dira hainbeste ekoitzi. Inoiz ez dira hainbeste ikusi. Eta, hala ere, hari fin baten gainean egin behar dute dantza astez aste. Atal bakoitzaren ondoren utz ditzakete bertan behera.
Fenomenoa, nola ez, AEBetan hasi zen bitsa bezala gorantz. Han egonkortu zen zaletasuna. Azkar hedatu da, ordea, mundu osora. Ez da kontu berria, esango du inork. Telesailena ez, akaso; ikus-entzuleak milioika itsutzea da berrikuntza. Han eta hemen, kanpoan eta gurean dauzkagu adibide garbiak.
Harrigarriena, Lost, seguruenik. Azken denboraldiko azken atala, bikoitza, aldi berean eskaini zuten munduko txoko askotan. Emanaldiaren ordua erokeria izan arren, era guztietako aretoak bete zituen, baita zinema aretoak ere. Gaupasa egiteko modu berri bat erakutsi zigun. Emaitzak emaitza, amaierak gogobete ala ez, erreferentzia bilakatu da. Askotariko hedabideen arreta bereganatu zuen, haren protagonistak izar bilakatu dira, gidoigintza ikastaroek adibidetzat dute, saltoki handiak bete eta hustu ditu...
Gertuago, berriki, Ken Follett idazlearen The Pillars of the Earth eleberriaren telebistako egokitzapenak izan du eztabaida ezinezko arrakasta. Irailean eman zuen Cuatrok, zortzi ataletan. Pertsonaiak ez dira hain ezagunak bilakatu, hedabideek ez diote hainbeste tarterik eskaini, Lost-en aldean. Baina bost milioi lagunek ikusi zuten Cuatron. Interneteko bilatzailean gaztelaniaz bilatuz gero, sarrera erdiak eleberriari buruzkoak dira, gainontzekoak telesailari eskainiak.
Eta arduradunek, han eta hemen, ez dute aukera pasatzen utzi nahi. Gidoilari andana jarri dute garunak estutzen. Eskaintza askotarikoa da. Askotarikoegia proiektu bakoitzari ontzeko denbora eman eta benetan funtzionatzen duen frogatzeko. Bidegabea da, langileentzat zein gustua hartu dieten zaleentzat. Ez dira gutxi denboraldia amaitu arte ere itxaron gabeak. Gutxi batzuek zero atala dute amaiera.
Izan ere, sarea da telebistaren etsai handiena gai honetan.AEBetan astelehenean estreinatu ohi duten atala asteartean ikusi ohi dugu gutako askok; azpidatziekin, noski. Eta gurean ematen dutenerako, hiruzpalau atal aurrerago gaude. Kateetako arduradunak bospasei atzerago. Zail izango dute parean jartzea.
Ekografiak. Jokin Labaien
Distantzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu