Ezarian. Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa

Dogon herria, zeruari begira

Himalayako elurraren zurira eraman zuen irakurlea atzo Joxemi Saizarrek. Afrika beltzaren lekurik misteriotsuenetako bat ezagutzeko modua egiten du idazkian Edurne Ugartek: Dogon herria, Mali hegoaldean.

Edurne Ugarte Nuñez
2010eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Dogonen tradizioak eta sinesmenak jende asko liluratu baldin badute ere, Dogon herriaren mitologia aztertu zuen Marcel Griaule etnologo frantziarra aspaldian jabetu zen haien sinesmenetan Sirius izeneko zeruko gorputza bi izarrek osatzen zutela. Mendebaldeko astronomoek, 1884. urtera arte, ez zuten ikusi Siriusen inguruan beste izar bat dagoela, bueltaka batzuetan.

Logelako leihoa zabaldu dugu proba egitearren, baina alferrik, ez dago modurik beroari bizkarra emateko. Azkenean, bai-ez aritu ostean, ostatu gaineko terrazan egin dugu lo, eltxoak lagun genituela. Oso goiz esnatu gara, oso goiz esnatu gaituzte argi izpiek, emakumezkoen makilen kolpe hotsek artatxiki aleak xehatzen, astoen arrantzek, behien marruek eta, nola ez, umeen garrasiek. Maliko hegoaldean gaude, Dogon lurralde sakratuan, Afrikako lekurik misteriotsuenetakoan. Dogon herria ikaragarrizko faila bat da, Bandiagara izenez ere ezagutzen dena. Lurraren arraildura da, bi sapalden arteko desnibela hondarrez osatutako labarra, 150 kilometro luze, eta, zenbait lekutan, 300 metroko altu duena. Dogonak bizi diren lekuan horma handi batez daude babestuta, eta baobab zuhaitzez apainduta. Eurite sasoian ur jauziak —Bananikoa ehun bat metrokoa— ikusten dira, eta sikate sasoian dena da hondarra, hondarrez jantzitako herrixkak. Dogonak bizi diren lekuan, lehen, beste batzuk bizi ziren. Dogonak XIV. mendearen bukaera heldu ziren mendebaldetik, islamak behartuta, Maliko inperioak indarra galdu zuela jabetuta, beraiek animistak ziren-eta. Labarreko hormetan esekita, tellem izeneko leinukoen etxetxoak ikustean, momentuan jabetu ziren oso txikiak zirela. Horregatik, bertakoek esaten dute etxetxo horietakoak pigmeoak zirela, eta beraien arbasoek kanporatu zituztela, gaur egun, Afrikako erdialdean (Gongo, Ruanda) bizi direnak. Dirudienez, arituek ezer gutxi dakite desagertutako gizontxo gorrien gainean. Halarik ere, beraien etxeak oraindik hor diraute harkaitzetan zizelatua, ondo mozorrotuta, begietatik oso urrun. Etxeak oso txikiak dira, eta atetxoek umeentzat eginda dirudite. Etxe batzuen hormek, eta harkaitzek, oraindik, ordukoen margo arrastoak erakusten dituzte. Halarik ere, dogonak ez ziren tellemen etxeez baliatu bizi izateko; hildakoak gordetzeko bakarrik zerabiltzaten, eta darabiltzate. Gorpuak bertaraino altxatzeko, baobab zuhaitzaren oskola erabiltzen dute sokak egiteko. Bertakoen ustetan, bizitzaren eta heriotzaren arteko harremanak irudikatzeko modua baino ez da.

Behean Dogon herria dago, eta bertan etxeak, bihitegiak eta mezkita daude. Maliko beste leku askotan bezala, mezkitak Sudanekoen antza du. Gerizpetan umeak daude Korana ikasten, egurrezko oholetan idatzitako hizkiei kontu egiten. Halarik ere, bertatik pasatzean tartetxo bat hartuko dute atzerritarrei irribarre gozoa eskaintzeko, eta nola ez, Bonjour! Tubabu! (zuria) esateko.

Dogon herrira joateko

Bandiagara, Bankass eta Sanga dira bertara heltzeko herriak. Bandiagara da goi ordokiko herririk handiena, Mopti-tik 75 kilometrora, eta oso ondo dago kokatuta. Udatiar askok erabiltzen du izen bereko failara joateko, edota Bankasera edo Sangara hurbiltzeko. Bandiagarako failara joateko, ezinbestekoa da gida izatea, baina horretarako komeni da, abiatu aurretik, Sangako gida bulegoan galdetzea, edozeinekin ez joateko. Geuk ere horrela egin genuen, eta horrek asko lagundu zigun Dogon herria hobeto ulertzen, bertakoen ohiturak errespetatzen, eta harriz, pezoz eta lastoz egindako bihitegiek osatzen duten labirintoan ez galtzen.

Herrixka bakoitzaren erreferentzia baobab batek esaten dizu; herritik gertu daudenak baino handiagoa izan ohi baita. Etxe batzuen inguruan errituetan erabilitako oiloen lumak, botilak antzematen badira ere, gero eta musulman gehiago daude Dogon herrian, eta bertako nagusi askok ez dute begi onez ikusten. Gurekin hitz egin duen agurea beste batzuekin dago, Toguna izeneko lekuan. Zortzi mugarri eta 60 zentimetroko sabai baxuak duen harrizko eraikuntzan egiten dute agureek kontseilua. Lekua oso freskoa da, eta bertakoek ez diote inolako trabarik ipintzen etorriberriari, baldin eta kola izeneko fruitu garrantza edaten badu, eta, nola ez, eskupekoa uzten badu. Horrelako jakintsuekin komunikatzeko modu bakarra gidaren bitartez izan ohi da; beraiek esan ziguten gainontzeko etxeetatik apartatutako etxea erabiltzen dutela emakumeak hilerokotik babesteko, odolaren zikintasunak herrixka ez kutsatzeko. Emakumezkoen etxea ezagutzea erraza da, herritik kanpo dago, eta, gainera, borobil itxurako eraikuntza handi bakarra da. Hilerokoa izatean bost egun ematen dituzte bertan. Azken egunean, arropa garbitu egiten dute, eta gorputza ukenduz igurzten, gero gizonarengana txukun-txukun joateko. Baztertutako emakume hauetako askok ernaltze mutilazioa pairatu ohi dute.

Herri barruko distantziak txikiak dira, egokiak asfaltorik gabeko bidexkatan gora eta behera oinez ibiltzeko, eta bertakoei erreparatzeko. Bat-batean gizonezko bat agertuko da bizikleta batean, aitzurra lepotik eskegita. Edota mutikoak, ortotsik, korrika, bizikletaren uztaiari eusten dion makilatxo batez lagunduta, zoruaren hondarrean arrastoak uzten dituelarik. Eta nola ez, kolore biziko soinekoak jantzitako itxura ederreko emakumeak, urontzia buru gainean urez beteta, iturritik bueltan, edota iturrira bidean, eta are ederragoa egingo dute paisaiaren postala.

Bihitegietan tailatutako ateak gero eta gutxiago ikusten dira. Horrelako asko Parisko museoetan daude, edota eskrupulurik gabeko udatiar aberatsen etxeetan. Guk, bitartean, azokan edota kale bazterrean ikusitako katamaloak irudikatuko ditugu, eta zeruari begira egin dugu amets.

Odolaren usaina

Klitoridektomia edota erauzketa da afrikar tradizioetan ohiturarik ankerrena eta traumatikoena. Ohitura horrek, gizonezkoen zirkunzisioarenak bezala, kanpotar jatorria du, arabiarrek zabaldu baitzuten. Koranean aipatzen da, baina ez bide du ondo argitzen emakume guztiek, egoera guztietan, egin behar dutenenez ablazioa. Dena den, musulmanen artean zabaldutako erritual gaitzesgarri horrek azkar zabaldu zituen bere garroak Afrikako kontinentean, eta nola ez, fetitxeen herrian, magoen, konjuruen eta gaitzen herrian. Maliko herritarrentzat, mundua inork ulertu eta gobernatu ezin ditzakeen indar arrotzez betea dago. Bertako animisten artean ere indar handia hartu zuen, eta horretaz baliatu ziren bestelako zentzu bat emateko, beraien sinismenei eusteko. Erauzketaren aldekoetan oso ohikoa da entzutea ablazioak emakumearen emankortasuna ziurtatzeaz gain, senarraren gogoa areagotzen duela, gizonarekiko fideltasuna bermatzen laguntzen duela, emakumearen garbitasunarekin lotura duela eta, egin ezean, emakumezkoak hil egin ohi direla. Gainera, klitoridektomiaren bidez umeak gizon bihurtzen dira, eta neskatxoak emakume. Hala ere, galtzen duten espirituak animalia itxura hartuta bizirik dirau: emeen kasuan eskorpioi itxura du; eta arren kasuan, musker itxura.

Gaur egun, berrogei bat lurraldetan baino gehiagotan egiten dute praktika hori: Malin, Egipton, Yemenen, Etiopian eta Somalian, besteak beste. Munduan hamar segundotik behin emakume bati egiten diote erauzketa. Minuturo bospasei neskatxok jasan ohi dute praktika hori. Hirurehun eta berrogei ordutik behin. Zortzi mila egunetik behin. Hiru milioi urtetik behin. Munduan ehun eta hogeita hamar milioi neskatxok eta emakumek bizi izan dute inoiz, modu batean zein bestean, arbasoengandiko erritual hau. Tartean, milaka neskatxo odolustuta hil dira, eta, zenbatzerik ez dagoen beste emakume askok bizi izandako esperientzia anker horrekin lo-edo egin beharko du.

Horrelako praktikak egiten dituzten petrikiloek ez dute inolako neurririk hartzen mina arintzeko, ezta horren osteko sufrimendua arintzeko ere. Horrelaxe izan da beti, eta horrelaxe izan beharko dela sinetsita egiten dute. Bizar labantxoa, ugerrak hartutako aiztoa, belarrak, nahikoa izango dituzte errituala egiteko. Bitxia bada ere, neskatxoaren amak —nahiz eta berak ere pairatu erauzketa— sekulako lasaialdia hartuko du behin egindakoan, alaba emakume izateko burutu beharreko pausoa baita. Gaur egun, arabiar zein afrikar estatu askotan, neskatxoen sufrimendua arindu aldera-edo, familia dirudunek ospitaletan egiten dute, jakinda horrek ez duela libratuko neskatxoa, inondik inora ez, psikikoki eragingo dion duen traumatik.

Azken hamar urteotan, gero eta gehiago dira praktika horren kontra entzundako iritziak. Bai kanpoan, bai bertan egindako kanpainek askoren pentsamoldea aldatzeko lagundu dute. Geu ere, informazio gehiago izateko Hawarekinizan gara, berak Moptin egiten du lan, FORWARD (Foundation for Women´s Health, Research and Development) izeneko elkartean, eta oso ondo azaldu digu zer-nolako arazoak dituzten erauzketaren inguruko uste ustelei aurre egiteko: «Malin analfabetismo kopurua oso handia da. Jendeak informazioa behar du, baina ez da erraza. Gainera, etnia askok, bereziki nekazari herrixketan bizi direnek, ez dute begi onez ikusten arbasoengandik errotutako ohitura bat bertan behera uztea, nahiz eta legeak kondenatua eta zigortua izan».

Malin ehuneko laurogeik baino gehiagok pairatu izan du inoiz erauzketarena modu batean zein bestean. Tradizioak eta kulturak oso errotuta daude, eta erauzketarena ezinbesteko baldintza omen da, kasu askotan, ezkontideen arteko zina bermatzeko. Halarik ere, badago itxaropenerako zirrikiturik. Islamiar teologo aurrerakoi batzuen ustez, Koranak ohitura horren gainean esandakoak ez omen du inoiz praktika horren aldeko aipurik egiten; bakarrik aitatu egiten omen du, eta ez da inondik inora erauzketaren aldeko apologiarik egiten.

Honek ez du lagunduko egindako kaltea arintzen, baina, behintzat, oraingo belaunaldiak horretaz jabetzeko eta aurpegia erakusteko balio baldin badu, gaitz erdi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.