Doinuen artxiboa

Musika tresnekin egindako kontzertuak grabatu eta soinu garbien funtsa osatuko dute museoek

Iruñea
2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Evaristo Bretos eta Javier Martinez luthierrak egiten ari diren instrumentuak ez dira museo bateko apalategi edo toki itxi batean geldituko, eta bizitza hartuko dute behin eta berriro. Erdi Aroko eta Errenazimenduko musika maite dutenek badute nora jo, instrumentuen interpretazioarekin «soinu garbien funts bat» sortzen ari delako. Garai hartako soinurik ez dago, muga batzuk zituzten instrumentuak ziren, eta soinu horiek galdu egin dira garai hartako musika tresnarik ere ez delako gelditu. «Artxiboaren helburua berregin ditugun instrumentuekin eskaintzen ari diren kontzertuak grabatu, eta soinu garbien artxibo digitalizatua eratzea da», azaldu du Javier Martinezek. Musika horrekin, gainera, proiektuan parte hartu duten museoek autogidak eratuko dituzte, bi helbururekin: artelanak ikusi bitartean, horietan agertzen diren musika instrumentuek nolako soinua egiten duten entzutea. Adibidez, Valladolideko Eskultura Museoan dagoen Diego Valentin Diazen Jesusen aurkezpena tenpluan lanean agertzen den gitarra barrokoa nola jotzen den entzuteko, kontzertu bat grabatuko dute. «Museoan ikusten ari den artelana haren garaiko testuinguruan jarri nahi zaio bisitariari; koadroaren aurrean jarri, eta horko instrumentuek nolako soinua zutenerakutsi nahi diegu ikusleei», zehaztu du.

Grabaketa bakoitzak 20-25 minutu irauten du, eta museoetan egiten da, instrumentuak berregiteko eredu gisa erabili diren koadroaren ondoan. Dena dela, jende gutxi onartzen duten emanaldiak dira. Kontzertuetan gehienez 30 lagun egoten dira, musika eredu horrek behar duen lagunarteko giro lasaia sortzeko asmoz. Historian atzera eginez, antzinako musika ez dela jendez mukuru dauden areto handietan jotzeko egina gogoratu du Martinezek. «Antzinako musika ez zen egin kontzertu handietan jotzeko. Orduko instrumentuek ez dituzte egungoen ezaugarriak, eta entzuleak instrumentuetatik gertu egon behar du, areto txiki batean».

Musika grabaketak proiektu honetan parte hartu duten sei museoek kudeatuko dituzte, artelanak hobeki ulertzeko aukera eskaintzeaz gain, museoetara jende gehiago erakartzeko ere baliatu nahi dutelako egitasmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.