Baina Garesera heldu aitzin, beste zenbait puntutan ere gurutzatzen da Done Jakue bidearekin. Lehen bidegurutzea Zubirin du, iturburutik kilometro batzuk jaitsi eta gero. Ordu arte Pirinioetako mendien artetik iraganik, Iruñeranzko lautadekin elkartzen da laster. Zubiritik Iruñeraino, zati gehienean egiten dute bat Argak eta Done Jakue bideak. Erromesek Irotzen zeharkatzen dute Arga, zubi erromaniko baten gainetik. Handik behera ere, Done Jakueren arrastoak jarrai daitezke, inguruko hainbat eliza erromaniko begiz gozatzea ahantzi gabe.
Arga ibaia Iruñerrian sartzen da gero. Burlataren hegi batetik doa, alde batean hiria bera delarik, eta bestaldean muino bat. Oihanpe baten ondoan dago Burlatako zubi zaharra, udan ur gutxirekin dagoen erreka erdi agortuaren gainean. Orain ezin da zubiaren bestaldetik hara joan. Muinoaren azpikaldean obretan ari dira, eta oinezkoentzat itxia da handik goitiko bidea. Hara igoz gero, Iruñerrirako bista ederra dago. Hala ere, Burlatako zubi inguruan bazkaltzeko eta arratsalde goxoa pasatzeko aukera ukanez gero, zubiari so egin gabe ezin gelditu. Erdi Aroko zubia da, 80 metro luzekoa. Egoera arras onean dago; baina historian zehar maiz moldatu izan dute, beraz ez du jatorrizko itxura bera.
Zubitik zubira bidea segituz, beste zubi eder batera heltzen da, Iruñera iristean. Magdalenako zubiaren gainetik pasatuz zeharkatzen dute Arga ibaia, erromesek, berriz ere. Iruñeko lau zubi erromatarretatik garrantzitsuena da. Ez da Burlatakoa bezain luzea, baina xarma handikoa da. Zubia XII. mendean eraiki zuten, eta XIX. mendean zaharberritu. Erromesak lerroan doaz, bizkarreko zakutik txirla bat dilindan. Asko ez dira gelditzen zubian sartu aitzin, baina zubiaren bazterreko harrizko gurutzea atxikitzen duen zutabean, Done Jakueren estatua bat dago. Burua galdua du, baina Done Jakue bidearen seinale inportanta da, bidea Iruñean sartzen dela abisatzen baitu.
Harresiaren azpitik
Arga ez da hirian bertan sartzen, aldiz; hiriaren bazterretik pasatzen da, inguruka-inguruka. Hiria bera garaiera handian dago, Argatik so eginez gero. Hiriaren egituraketan zerikusia du Argak. Harresien azpitik eta hiria janaz hornitzeko erabiltzen diren baratzeen bazterretik ibili ondoan, berriz ere Done Jakue bidea gurutzatzen du Argak, Erdi Aroko beste zubi baten bitartez: Azella zubia.
Hortik landa, Nafarroa hegoaldeko bazter lehorragoetan sartzen da Arga. Eremu zabalak, uda garaian hori-horiak, zeharkatzen ditu errekak. Erreka bera ez da askotan ikusten, bi aldeetan zuhaitz lerroek estaltzen baitute. Etxauritik Garesera, errepide franko hertsi batetik gaindi joaten da Argaren bazterretik, Etxauriko ibarretik barna. Beraskoainen geldialdi bat egin daiteke, XVIII. mendeko harrizko zubi zurixka ikusteko.
Garesera heldu aitzin, bidea gain batetik pasatzen da, eta handik bista ederra dago ekialderantz, ibaiaren meandroak ageri direla, eta urrunean haize errota lerro gero eta ugariagoak.
Ibaia zabal eta marroi iristen da Garesera. Historia handiko herriak zubia du ezaugarri nagusi, eta Argari segi iristen den bidetik sartuz, XI. mendean eraikitako zubia bera ikusten da lehenik, 110 metroko zubi dotorea, egoera onean dagoena. Garesen elkartzen dira Santiagora doazen bi bide: Orreagatik datorrena eta Jakatik datorrena. Bidegurutze inportanta izan da historian, eta horrek erlijioarekin lotzeaz gain, merkatu herri inportant bihurrarazi zuen.
Historiaren arrastoan, Argatik doi bat baztertuz, Mendigorriako aztarna erromatarretan geldialdia egin daiteke. Gero, Larraga gainetik ibaiaren bihurguneak ikus daitezke, Berbintzanara heldu aitzin. Han, bazkaltzeko tokia egokitu dute. Haurrak errekan bainatzen dira, hantxen diren barkuan dabiltzala, edo soka batetik zintzilik urera jauzika. Handik landa, zerealen eremua utzirik, mahastien artera doa Arga. Funesetik landa Aragoi ibaiarekin juntatuko da, kilometro gutxi geroago, Milagrotik landa, Errioxako muga-mugan Ebrorekin elkartzeko.
Jakingarriak
Iturburua. Urkiaga lepoa (Adi eta Okoro mendien artean).Ibai ahoa. Funes (Aragoi ibaia).
Luzera. 145 kilometro.
Arroa. 2.759 km2
Emaria. 59,76 m3/s
Eugiko urtegiaren azpiko paretak
Bazen behin Eugi izeneko herri bat, Esteribarren, Urepele aldetik jaitsi eta Iruñerako bidean. Kintoko oihanaren magalean dagoen herri hura urez estali zuten, 1971n. Gaur egun, urtegi bat dago han. Herria ez zuten bota, edo ez osoki. Udazkenean, ur heina apalenean izaten denean, zenbait pareta ikus daitezke. Eliza dorrea ere ikus zitekeen. Orain herri zaharra ur azpian dago; berria eraiki zuten urtegi bazterrean.Argako ura biltzen du Eugiko urtegiak. Paretak 48 metroko goratasuna du, eta urtegiaren luzera 245 metrokoa da. Urtegi horrek ziurtatzen du Iruñerriko etxeen eta industrien ur horniduraren erdia. Pixka bat beherago, Urtasungo araztegitik banatzen dute edateko den ura.
Aisialdirako guneak Iruñerrian
Iruñerriko Ibai parkeak Arga inguruan ibilaldia egiteko aukera eskaintzen du, baita hainbat animazio ereE. B.
Ibaiak eskaintzen duen berezko lasaitasunaz gozatzeko moduan antolatuak dituzte Arga inguruak Iruñerrian. Iruñerriko Ibai Parkeak 33 kilometroko ibilbidea eskaintzen du Esteribar, Uharte, Eguesibar, Ezkabarte, Atarrabia, Burlata, Iruñea, Barañain eta Zizur Nagusian gaindi. Herritarrei naturgunerako eta aisialdirako gunea eskaintzen die. Hirigunetik hurbil baina pixka bat aparte, aireztatzeko aukera dago.
Iruñea inguruko ibilbideak hiria gainean uzten du, eta baratze eta etxaldeetan barna ibiltzeko parada ematen. Burlatatik Iruñera sartzean, Caparrosoko errotaren bazterretik pasatzen da, eta Magdalena zubi gotikora heltzen. Obretan dira Caparrosoko errotaren inguruan; beraz, aro lehorrarekin bereziki, xarma galtzen du. Magdalenan barna jarraituz gero, berriz, zuhaitzen azpiko freskuratik segi daiteke bidea, harresietatik hurbil. Handik landa Done Petri hiriko zubi zaharrenera iristen da. Aitzina segituz, Alde Zaharretik hurbil pasatzen da bidea.
Inguru haietan ureko jolas aktibitate anitz egin daiteke, besteak beste arrantza, piraguismoa eta arrauna. Uraren inguruko animazioa laguntzeko, Iruñeko Udalak hainbat aktibitate antolatu ditu bertako gazteentzat, ur kirolen inguruan bereziki. Irailean eta urrian, adibidez, piragua ikastaroak eta ur geldiko jolasak antolatuko dituzte.
Bideak Iruñea utzi eta urrunago segitzen du. Bidean zehar beste zubi frankorekin topo egiten da, horien artean erromatar jatorrikoak.