Mutxikoak, Garazi kantuz, indar jokoak eta entzierro txikia, animazioz betea izanen da gaurko eguna Donibane Garazin. Besten lehen eguna dute gaurkoa, eta asteazkenera arte egitarau oparoa dute finkaturik. Besteak beste, bertako Garaztarrak dantza taldea eta Iruñeko Hortzadar taldearen desfilea gozagai izanen da bihar eguerdian. Asteartean, Ketxo taldeak animaturiko zikiroa eskainiko dute 19:30ean, merkatu estalian, eta Aistrikak berotuko ditu bazterrak ondotik. Asteazkenean, Burgaintzi taldearen ikusgarria izanen da 17:00etan, herriko plazan.
Plazan bezainbat ostatuetan
Herriko besta gehienetan bezala, plazan bezainbat ostatuetan egonen da jendea, musika eta kantu artean. Ostatu eta jatetxeak bestaren erritmoari lotuko dira, usaiako eskaintzei hainbat animazio gehituz. Urtero bezala, kontzertuak izanen dira Kalaka ostatuan. Bertan, Necrovis eta Violence Underground ariko dira gaur eta asteartean, Jimenez et les Ferrailleurs eta Khadafiste Brothers taldeak eta Ask Her DJa. Agustin Alkhatek alaituriko bazkaria proposatuko dute bihar. Luisenea ostatuan ere DJak egonen dira gauero, eta trikitilariak, berriz, bazkariak eta afariak animatzen.
Gau eskolaren egoitza aitzinean ere ostatu bat instalatuko dute, giro herrikoia segurtatuz. Herrira mugimendua ere present izanen da, eta, urtero bezala, preso eta iheslari politikoen aldeko bazkaria antolatuko dute asteazkenerako, merkatu estalian.
Donibane Garazi, bestan
Gaurtik asteazkenera, hainbat animazio proposatuko dituzte herriko karriketan eta ostatuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu