Donostiako Aste Nagusia. Piraten abordatzea

Donostia, piraten esku

Pirata eta ikusle asko bildu da Donostiako portuan, urtez urte hazten doan jai herrikoien aldeko ekitaldian. Denetariko 'txalupak' eraiki dituzte piratek: flotagailuz hornitutako 'txalupa' txikiak, bai eta 'txalupa' handi eta landuak ere.

Donostia
2011ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Aquarium aurreko aldapan piratak elkartzen hasiak ziren atzo 17:00 iristeko ordubete falta zela. Jai giro bikaina sortu zen bertan. Denak, abordatzeari hasiera emango zion txupina lehertzeko zain.

Aurtengoa orain arteko abordatze arrakastatsuena izan da, izena eman duten ia 500 lagun talde edo kuadrillarekin. Kaia hainbat koloretako kamisetak soinean zituzten gaztez beteta zegoen.

Bien bitartean, kaiko zein Kontxako pasealekuko ikusleek Aquarium parera begiratzen zuten, nork hondartzarako bidea hartuko zain. 17:00etarako hamar minutu falta zirela, antolakuntzakoek deia egin zuten talde bakoitza bere txalupara igotzeko, eta orduan hasi zen benetako gozamen eta jai giroa.

Hasteko, talde bakoitzak bere txalupa aurkitu beharra zeukan, ez baitzen gauza erraza. Batzuek hori ere ez zuten lortu, eta benetako piraten antzera besteen txalupak abordatzen saiatu ziren. Behin txalupa aurkitutakoan ere, kaiaren albo batean ez bazegoen behintzat, hainbat komeria pasa zituzten bertara iristeko.

Batzuek txalupaz txalupa salto egiten lortu zuten iristea; beste batzuk, ordea, txalupa artean igerian iristen saiatzen ziren. Bidetik beste piratek bihurrikeria bat edo beste egiten zieten bitartean. Behin txalupara iritsitakoan, igotzeko ere arazoak izan zituen batek baino gehiagok. Txalupa handia zutenek ez zuten arazo handirik izan, batak bestari lagunduz lortu baitzuten talde osoa igotzea.

Txalupa txikiak zituztenek, ordea, hainbat komeria pasatu zituzten aldamenekoen gozamenerako. Taldeko bat igotakoan, nahikoa lan izaten zuen gainean mantentzeko; bigarrena igotzera zihoanean, baina, ez zegoen gainean mantenduko zenik, txalupa irauli egiten baitzen.

Azkenean, pirata guztiek hartu zuten beren lekua, haien txalupan ez bazen, bidaia lagun bihurtu ziren beste piratenean.

17:00ak puntu-puntuan zirela lehertu zen aurtengo abordatzeari hasiera eman zion txupina.

Batzuek txalupa gainean mantentzeko nahikoa lan zuten. Goizean txalupa eraikitzen lan gehien egin zutenak, ordea, dantzan zebiltzala hasi ziren kaitik Kontxarantz abiatzen. Urezko pistolak eskuan hartuta, txalupa batetik bestera, ura tirokatzeari ekin zioten. Pirata bihurrienek urez beharrean ozpinez kargatu zituzten pistolak, horrela beste piratak ozpinez bustiz uretara salto egitera behartu eta txalupa abordatzeko.

Aldarrikapenak ez ziren falta izan. Txalupa askok euskal preso eta iheslariak etxeratzeko eskatzen zuten banderak eraman zituzten. Horrez gain, Pasaiako kanpo portuaren eta abiadura handiko trenaren aurkako aldarriak ere bazeuden, noski, ikurrina eta piraten armarriez gain.

Kontxako badia piraguista eta itsasontziez josita zegoen, piratek ematen zuten ikuskizunaz gozatzeko. Horiez gain, Kontxako hondartza, Alderdi Ederreko pasealekua, Nautiko ingurua eta kaia bera jendez gainezka zeuden.

Pixkanaka-pixkanaka, lehenengo piratak Kontxako hondartzara iristen hasi ziren, bertan bildutako ikusleek animo eta txalo artean ongietorria eman zieten. Lehorreratu baino lehen, ordea, piratez jositako hainbat txalupa irauli egin ziren, olaturen bat hartzeko ahaleginetan; ikusleek algara artean txalotu zituzten.

Lehenengo piratak lehorreratu ziren, baina oraindik kaitik atera ez ziren txalupa asko geratzen ziren. Iristen zihoazen heinean, talde bakoitzak bere txalupa hartu eta desmuntatzeko gunera eramaten zuen, horrela itsasoa garbi-garbi uzteko.

Behin pirata guztiak hondartzan elkartu zirenean, elektrotxaranga talde baten laguntzaz Parte Zaharreko bidea hartu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.