Munduko bederatzi hirik surfa eragile ekonomiko eta enpresen aberastasun eta enplegu kualifikatuaren sortzaile gisa bultzatzeko sare bat sortu berri dute. Eta horien artean, euskal ordezkari bat dago, Donostia. Harekin batera, Arica (Txile), Durban (Hegoafrika), Ericeira (Portugal), Hossegor (Frantzia), Gold Coast (Australia), Las Palmas (Espainia), Newcastle (Australia), eta Santos (Brasil) hiriak ere sare horren barruan sartu dira. Bultzatzaile guztiek, kirolaren ikuspegitik harago doan lotura daukate surfaren munduarekin. Asmo horrekin sortu duten sareari World Surf Cities Network izena jarri diote.
Bederatzi hiriek osatutako sarea hainbat jardunaldi eskaintzen ari da atzotik, eta gaur amaituko dira. Surfa eta berrikuntza izenpean hitzaldi ugari eskainiko dira Donostiako Kursaal aretoan. Bederatzi hirietako ordezkariek adierazi dutenez, jardunaldi horiek surfa eta enplegua sortzea ahalbidetzen duten negozio eta proiektuen aukera berriak sendotzeko eta ezagutzeko izango dira. Surfa eta berrikuntza jardunaldiak Donostiako Sustapenak antolatu du Europako 2007-2013 I+E Poctefa proiektuaren barruan.
Surf munduko enpresak
Gaur amaituko diren jardunaldietan, surfaren inguruko lan sarearen sorrera ziurtatzen duten enpresen presentzia egongo da, nazioarteko eta bertakoak. Baina horietaz gain, arrakasta izan duten ereduen nazioarteko hainbat enpresatako ordezkariak ere bilduko dira Donostiara. Besteak beste, Jess Ponting San Diegoko Unibertsitatean surfaren ikerketa zentroan lan egiten duen kidea, Joseba Olaizola Wave Garden (olatu artifiziala) proiektua garatu duen kideetako bat, eta Urko Esnaola Tecnaliak sortu duen surf ohola sentsoredunaren proiektuaren arduradunetako bat.
Arduradun horiez gain, Surf-Surf City klusterrak azken denboraldian egindako jarduerak ere azalduko ditu. Denetara, kluster horretako hogeitamar eragile inguru elkartuko dira Donostian, enpresa, erakunde publiko, ikerketa zentro eta unibertsitateen artean.
Era koordinatuan lan egingo dute jardunaldietan, sektoreak aurrerantzean gainditu beharko dituen erronkei nola aurre egin zehaztu ahal izateko. Horretarako, enpresen prozesu guztietan teknologiaren eta berrikuntzaren aldeko apostu irmoa egingo dute. Horretaz gain, enpresen lehiakortasuna eta iraunkortasuna hobetzeko oinarrizko tresna gisa prestakuntza egokia ematea izango du helburu klusterraren jardunaldiak.
Donostia, surfa ekonomikoki indartzeko sarean
'Surfa eta berrikuntza' jardunaldiak egiten ari dira Kursaalean, eta sareko bederatzi hiriak daude hitzaldietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu