Saguesko gunean goizeko eguzkipean inor ikusiz gero, etxerako bidea galdu duen gautxori bat izango dela pentsatzea izango da zuzenena. Edonola ere, rara avis batentzat jo daiteke urlia, porlanezko basamortua hutsik egoten baita eguzkiak jotzen duenean.
Banpiroentzat da Sagues, gauero-gauero plazako txosnetan eta inguruko taberna sofistikatuetan euren festa egarria asetzen dutenentzat. Bero errukigabea leuntzen denean hasten da exodoa. Ordu arte Zurriolako hondartzari maitasuna betiko zin egin dieten milaka gaztek -asko eta asko surf taularekin- euren fideltasuna ahantzi, eta emeki-emeki posizioak hartzen doaz Saguesen. Bainujantzien lekua udako arropa erosoak hartu du -azken modakoa beti Donostian-. Kiko Venenoren kontzertua hartuko du bertako oholtza handiak,eta hasi dira soinu probak; mezetara deitzen duten kanpaiak nola, haiek ere «eei, bai, eii, bai» mezu bitxiaz gazteak deitzen dituzte txosnetara.
Ogitarteko begetarianoak
Saguesko txosna gunea ez da garai batean Iruñeak sanferminetan zuen txapeldunen ligako haren mailakoa, baina tira, garagardoa eta bokatak eskatzen dituzte gazteek -eta ez hain gazteek, taulara nor igoko den arabera ateratzen da batez bestekoa-, eta haiekin ez da aitzakiarik. Berritzaileentzat bada Askekintzaren txosna. «Animalien esplotaziorik gabekoak eta %100 begetarianoak eta beganoak» dira bertako ogitartekoak. Besteetan solomoa eta tortillak, mundua mundua denetik bezalako bokatak.
Gauak flamenkoa agintzen du, baina arina, pop-rockarekin bustia, eta modernoa oso, guru askoren aburuz. Ikuskizun piromusikala ere izan da, su festa itxiz, baina ez diote gehienek kasu handirik egin Zurriolako karelean. Bertan elkartzen dira koadrilak mokadu bat egitera: garagardo tragoa eta hozka ogitartekoari-begetarianoa izan ala ez-.
Figueresko andaluzak zirimiria eskatu zuen kontzerturako, freskura, baina udako egunik beroenarekin egin du topo. «Aiiiiiii, Joselito», dio kexa batean. Jendea animatzen hasi da. Kulunka txikia egiten daude aurrealdekoak. Gaua lasai doa. Kiko Venenoren musika primerakoa da nesketan eta mutiletan saiatzeko, edo txosna bateko kubata makurra barruratzeko.
DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA. Banpiroak eta beste 'rara avis' batzuk
Eguzki izpiak ez dituzte gustuko Sagues topaleku duten festazaleek; nahiago dute ilargia. Haren argipean dantzatzen dira gauero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu