Badira bizpahiru urte Donostiako Aste Nagusian parte hartzen dutela Trapu Zaharrekoek. Gaur gauean izango da euren lan berria ikusteko parada, Gipuzkoa plazan, 23:30ean. Txubiori, Marta Ugalderi eta Mikel Laskuraini euren trebezia erakustea egokituko zaie, ikusleen barre algarak sortzeko. Hainbeste urteren ondoren, ordea, horretarako teknikak ondo ikasiak dituztela aitortu du Ugaldek. Bilbotarra pozik ariko da Donostian. Egunotan Mila Espigaren lekua betetzen ari da.
Camping Renove Trapu Zaharraren obra berria da; beste antzezlanekin alderatuta, ordea, bakarrik gaia du ezberdina. «Gainontzean antzerkia egiteko modua, gure betiko era da». Izan ere, 28 urte daramatza taldeak batetik bestera. Antzerkiak sortzerakoan erabili ohi duten formula, baina, hasierako berdina da oraindik. «Parte bat guk kontatu nahi dugunean oinarritzen da. Gainontzekoa inprobisazioaren esku uzten dugu». Aurkitzen duten jendeak, egiten duen eguraldiak eta azken egunetan albiste izan denak zerikusi handia izaten du inprobisazio horretan. Helburua, publiko parte-hartzaileagoa lortzea da. Eta lortzen dute. «Nabaritzen da Donostiako jendea espresuki kale antzerkia ikustera datorrela. Urteekin ohitura bat bihurtu da, eta hori oso ona da guretzat», adierazi du Ugaldek.
Ikusleen parte-hartzea
Eguneroko gaietan oinarritzen dira batez ere Trapu Zaharrekoak. Oinarri hori abiapuntutzat hartuta pertsonaia batzuk asmatzen dituzte, eta beraien istorioa errealitatean kokatzen. «Gure helburua jendea gure istorioen parte egitea da, hala istorioa eurena izango balitz bezala bizi dezaten, euren gorputzetan. Publikoa obraren beste parte garrantzitsu bat da».
Azken urteotan antzerkia ikusteko zaletasuna hazi egin bada ere, krisiak azken bizpahiru urteetan antzerkirako joera gutxitu duela uste du bilbotarrak. Eurek, hala ere, beti aurkitzen dute kalean antzerkia ikusi nahi duen norbait. «Sumatzen da jendea gauza berriak ikusteko eta entzuteko gogoz dela». Gaur gauean izango da pena guztiak ahaztu eta gozatzeko aukera.
DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA. 'Camping Renove', eguneroko istorioen xarma
Trapu Zaharra antzerki taldeak bere kale ikuskizun berria taularatuko du gaur, Gipuzkoa plazan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu