Bestela pentsa bazitekeen ere, estreinakoz ariko dira Donostiako Aste Nagusian, baina «plazer izugarria» dela dio Iñaki Ortiz de Villalvak, Betagarriko abeslariak (Gasteiz, 1971). Gaur, 23:45etik aurrera, Saguesko agertokian ariko dira euren rock eta ska doinuekin, donostiarren entzumenak gozatuz.
Zer kantu eskainiko dituzue? Disko berritik ariko zarete, ala errepertorio osoko kantuak joko dituzue?
Lehenengo blokea azkeneko diskoko ia abesti gehienekin osatuko dugu. Bigarren blokea, berriz, nolabait beste diskoetako kantuekin osatuko dugu, bizpahiru abesti disko bakoitzetik gutxi gorabehera.
Zer moduzko plaza iruditzen zaizu Sagues?
Plazer izugarria da guretzat Donostiako Aste Nagusian jotzea, sekula ez baitugu jo, ez behintzat halako esparru zabal batean, eta banda nagusiek jotzen duten leku batean. Ohorea da guretzat. Iragan Kilometroak festan aritu ginen Saguesen bertan, baina kontzertua goizeko hamaiketan izanik ez genuen pentsatzen halako jendetza bilduko zenik. Benetan, harrituta geratu ginen.
Nolako ikus-entzuleak joaten dira zuen kontzertuetara?
Plazaren arabera denetariko publikoa izan ohi da. Plaza handia baldin bada, kurioso asko gerturatzen da. Gero, gure entzule sutsuak daude, eta haiek beti jarraitzen gaituzte. Gasteizko jaietan eman genuen kontzertuan adibidez, denetarik ikusten zen: gurasoak, seme-alabak... 40 urteko batetik hasi eta 15 urteko batetaraino. Nik uste dut gero eta gehiagorengana heltzen ari garela. Ez dakit zergatik den. Agian gu ere adin bitarte horretan gaudelako izango da.
Atzerrian kontzertu ugari eman dituzue jada. Ba al duzue hemendik gutxira horrelako antzeko proiekturik?
Halako ekintza bat martxan jartzeko aurrekontu handia behar da. Duela gutxi Txiletik jaso genuen gonbidapena, baina noski, gutxieneko baldintza batzuk behar dira. Guztiak ondo lotuta behar du. Dena den, azaroan Suitzara joango gara. Zurich eta beste hiri batzuetan hiruzpalau kontzertu emango ditugu.
Zer da zuentzat nazioartean halako kontzertuak ematea?
Musikak eskaintzen dizun aukerarik onena da kanpoan jotzea. Euskaraz abestea edo euskara kanpora eramatea, zure musika, zure gizataldea... Esperientzia handia da, oro har, kanpoko jendearekin harremana izatea eta kanpoan gertatzen denaz jabetzea.
DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA. «Gero eta gehiagorengana heltzen ari gara»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu