DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA. Homer Donostiara heldu da

Kursaaleko terrazetako musika Zurriolako hondartzatik datorren burrunbarekin nahasten da; surfaren erresuman ez da dena surfa.

xabier martin
Donostia
2010eko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Festa bai,baina taula baten gainean. Horretan iaioak dira Zurriolako olatu bizietan doazen maizterrak. Egunotan etxeraino eraman diete musika. Gaur kubatarren boleroak; bihar mexikarren rantxerak... berdin dio zer datorren Zurriola kultura irekia izendatu duten eremutik, olatuei eragiten ez dieten bitartean, behintzat...

Gainontzekoak begira pasealekutik, eta ez dira gutxi: turista andana, donostiar kirolariak -bizikletak doazenan, saskibaloi, boleibol eta futbito jokalariak, festetan ere txanda-pasa egiten ez duten korrikalari tematiak-, festetako langile ibiltariak -puxikak saltzen dituztenak, ogitartekoak eta edariak eskaintzen dituztenak eta beste hainbat-... Inurritegia gori-gori dago 30 gradutako bero sapan. Urumeako azken zubitik Zurriola Maritimo kafetegiko terrazara -Coca Cola baten eta garagardo baten truke 6,40 kobratzen duten hori- denetarik ikus daiteke: Zaragozako lehengusuak lasai-lasai paseoan bide-gorritik -bizikletarik gabe, noski-, ingeles itxura duten tripa handi pare bat bainu jantzi ñimiño batzuekin Kursaal pareko errepidea gurutzatzen, gorbatak itolarrian daukan zinpeko zaindaria Amstel etxeak babestutako eremua zaintzen...

D'Artagnan eta ezpatariak

Zurriolako pasealekuak ez du ezer alferrik galtzeko. Oihan horretan hain da askotarikoa aberedia, ezen halako batean Homer Simpson bera ere azaldu baita. Artista frantziar batek Zurriolako harean zizelkatu du herriaren heroia, eta Homerrek aurpegi esanguratsua dauka goialdeko terrazetako txosnei begira; «garagardo bat, errukiz» pentsatzen ariko al da?

Kaos ordenatu horretan denak du lekua. Kubo txikiko sarreran hesi batzuk jarri dituzte esgrima eskolak emateko. Ezpatariak pozik dira ezpatak eskutan dituztela. Begiraleen aholkuak azkar ahaztu ditu batek, eta indar guztiarekin ari zaio aurrekoari jazartzen, D'Artagnan balitz bezala. Eskerrak maskara eta beste babestekoak jarrita dauzkaten.

Ekialdetik musika hotsa dakar brisak. Saguesen probak egiten ari dira Loquilloren kontzertuaren aurretik. «Eiiii, bai, bai, eii», dio soinu teknikariak. Baina han ez dago oraindik ia inor. Beroa etaizerdia, festaren ahaideak biak,Zurriolan daude oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.