Ezin esan Sodoma eta Gomorra denik, baina Donostian festa nonbait egotekotan Parte Zaharrean dago. Komantxeen lurraldean apenas dagoen atsedenik. Bulebarrean, Bretxako azokaren pareta oholtzat hartu duten mariatxi talde bat ari da; y volar y volaaar-ka, nor baino nor ozenago, lorategian etzanda dauden oin-beltzak eta euren zakurrak esnatu nahi dituztela dirudi. Dabilela kontuz: zakurrak begiratu txarrarekin daude.
Aurrerago, turista talde bat Sarriegiren estatuaren inguruan elkartu da gidari batekin. Sherpak azalpen arraro batzuk ematen dizkie matriarkatua, elkarte gastronomikoak eta danborrada, dena batera nahastuz, Erdialdeko Amerikako gaztelaniaz. Aurrean Ataungo talogileen txosna dute. Hor ere matriarkak lanean.
Trinitateko pilotalekuan-jaietan La Flamenka- esku pilotako finalak hasi dira. Pilotari gazteak jo eta su dabiltza Ez da eraso sexistarik onartzen kartelpean. Madrilgo senar-emazte batzuek klik, klik eta klik kameraz. Sakea, errestoa eta bolea. Pilotaren funtsa ikasi dute aitaren batean. Abuztuaren 31tik paseoan dabiltzanek Trini-ra sartu-irtena egiten dute. Konstituzio plazan, berriz, oholtza erraldoiak eskatzen du arreta. Txistu batzuk entzuten dira. Inguruko terrazetan eserita daudenak indigenak noiz hasiko zain daude. Oraindik pusketa baterako dute; Eskola dantza taldea soinua probatzen ari da.
'La del clavel español'
Parte Zaharrean, ordea, ez da inor larritzen, pintxo batzuk ordaintzen ez bada behintzat. San Bizentetik atera dira jadanik erraldoiak eta buruhandiak, eta kanpotarrek di-da batean jakin dute buruhandien dinbi-danbak txantxetakoak direla tabernarienekin alderatuta.
Kale Nagusitik Bulebarrera itzulian, break dance doinuak aditzen dira. Kioskoaren aurrean jarri dira lotsagabeki lauzpabost gazte. Haien jauzi eta mugimendu azkarrak ikusgarriak dira, eta ingurukoak txaloka jarri dituzte. Illumbeko Akordeoi Orkestraren emanaldia hasteko ez da asko falta, eta egurrezko aulkiak jartzen dituztenek ere lepoa luzatu dute ea zer ote dagoen hor.
Ikuskizun handiena, hala ere, aurrerago dago, puxikak puzten dituen neska haurdun baten eta txanpona ikusi arte mugitzen ez den giza estatua baten artean. Kaxianoren tankerakoa da, baina harekin ez du zerikusirik. Aldean duen bozgorailu indartsuan Concha Piquerrek Espainia frankistan ospetsu egindako La morena de mi copla jarri du, eta kriskitin bakar batekin laguntzen du kontzentraturik; la del clavel español-ekin bat bukatzeanjendea ahozabalik dago. Surrealismoa borondatearen truke.
DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA. Komantxeen lurraldean galduak
Festaren bihotza da Parte Zaharra; denetarik ikus daiteke bertan: kale artistak, musikariak, dantzak, kirolak, turistak, bertako koadrilak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu