DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA. Kontxa, eguzkia eta trikitia

Hondartzan eguzkia hartzen ari dena lozorrotik ateratzea ez da txantxetakoa; festak iratzargailu lanak hartzen ditu sarritan.

xabier martin
Donostia
2010eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Jaien egitarauaren oinarri: eguzkia. Izarren erregea eskuzabal dabilenean zertarako gehiago? Atzo festa zegoen Donostian, eguzkiaren festa. Hondartzak lepo, pasealekuak gori-gori. Abuztuaren 17a zen, Aste Nagusiaren barneko jarduna. Baina nori axola halako xehetasunak Kontxan? Loretopetik Nautikora itsas hegian paseoan zetorrenak agian begiratuko zuen badiara; agian ohartuko zen belaontzi txikien lehiaz. Haietatik harago, mailu-pendulu erraldoi itxurako barraka ez zen geratzen Pasealeku Berrian. Eta La Perla inguruko plazatxoan artisautza azokako postuetako langileek azalpen gutxi batzuk ematen zizkieten balizko bezeroen galdera gutxi batzuei. Baina nori axola hori guztia?

Ikuskizuna itsasbazterrean zegoen. Piraten arrakasta nonahi hedatzen hasia da. Katamaran txiki batek haien bandera jarria zuen mastan. Laster asko itsasoratu zen haurrentzako belaontzien lehia gertutik ikusteko. Besteak azala berotzen, azken modako oihalen artean azal beltzarana erakustea gustuko baitute donostiar dotoreek.

Ez ziren Laja eta Landakanda

Horretan zebiltzan neska-mutil gazteak, koadrila anitz. Gauerako planak egiten ere bai. Ez zituzten ikusi esgrima erakustaldiak Zurriolan, eta nerabe gehienen antzera, ez zuten inolako asmorik Illunbeko zezenketara joateko. Baina asko eta asko Kupelaren erromeriara joango ziren Konsti-ra gero, edo Saguesera Los Suaves adindutako galiziarren rocka entzutera. Gauean su festa lehen lerroan ikusteko lekua gordetzen geratuko zenik ere egongo zen, seguru.

Atariko moduan, ederki asko entzun zuten erraldoien eta buruhandien kalejira. Kontxako pasealekutik ibili ziren arratsalde partean. Ezinezkoa zen haiek ez ikustea, edo entzutea bederen. Bat baino gehiago atera zuten lozorrotik Katximorroak, Orioko balea arrantzaleak, bere arpoi eta guzti eta Erroskilerak. Haien aurretik giroa berotu zuten trikitilari gaztetxo bik. Jator paratu ziren Kontxako baranda glamour handikoaren kontra. Soinuekin biak, jo eta su aritu ziren porrusaldari atsedenik eman gabe. Ez ziren Laja eta Landakanda, baina haien izpirituan atera ziren kalera, festetan. Eneko Sese eta Mikel Mujika donostiarrak ez dira 327 ekitaldiko egitarauan azaltzen; ezta beharrik ere. Haiek dira benetako festa. Kontxako muturreko onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.