DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA. «La Flamenka erreferentzia izatea nahi dugu»

Donostia
2010eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Zortzi urte pasatu dira dagoeneko piratek Donostiako Aste Nagusian lehen agerpena egin zutenetik. Aurten, Trinitate plazan lehorreratu dituzte aingurak. Aratz Trecet (Donostia, 1987) da Piraten bozeramailea.

Zer balorazio egiten duzue aurtengo abordatzeaz?

Oso pozik gaude ekitaldiarekin. Eguna oso ongi joan zen, eta ez zen inolako arazorik izan. 300 baltsa baino gehiago atera ziren guztira. Bazkaria ere kaian egin genuen lehen aldiz, eta oso polita gelditu zen. Oso kontentu gaude benetan.

Gainontzean, zer berritasun dakartzate piratek aurtengo Aste Nagusira?

La Flamenka gunea da aurtengo berritasun nagusia, bertan bilduko baitugu astelehenetik ostiralera, lehenengo aldiz, Piraten egitarau guztia. La Flamenka izena XVIII. mendean Parte Zaharrean zegoen izen bereko taberna batetik dator. Hor elkartzen ziren, itsasotik itzulita, Ezkila kapitaina eta beste zenbait pirata. Gunea Trinitate plazan egongo da.

Urtetik urtera, gauza berriak lortuz joan zarete. Aurten, Trinitate plaza. Zer ekarri dizue horrek?

Batez ere, gauetik goizera gune hori gurea izanda, nahi dugun moduan gestionatu ahal izatea erraztu digu. Goizetik gauera arte, etenik gabe, Trinitate plazan zerbait eskaintzea planteatu dugu. Giroa izatea, azken finean. Etxetik atera eta nora joan ez dakien batek esan dezala: «Goazen Trinira, ziur zerbait izango dela». Erreferente bat izan nahi dugu Parte Zaharrean.

Zer moduzko harremana duzue udalarekin?

Udalarekin dugun harremana zuzena da, urtetik urtera harremanak estutuz joan baikara. Hala ere, gu ez gaude ados udalaren jai ereduarekin. Guk jai herrikoi bat nahi dugu. Badakigu, ordea, zerbait aldatu nahi badugu hobe dela barruan egotea, kanpotik gauza gutxi alda baititzakegu. Horregatik, aurtengo berrikuntzetako bat da abordatzea programa ofizialean sartu izana.

Zortzi urte pasatu dira proiektu honi hasiera eman zeniotenetik, baina egun, esango al zenuke beste jai eredu bat egitea lortu duzuela?

Bai, nik uste dut baietz. Jendeak gutxika barneratu du jai herrikoiak zer diren, eta prest dago horretan lan egiteko. Azkenean, herriaren parte-hartzearekin egiten dira jai herrikoiak.

Datorren urtera begira, zein ideia eta asmo dituzue esku artean?

Lehenik eta behin, aurtengoa nola joan den baloratuko dugu, eta ondorioen arabera finkatuko ditugu hurrengo helmugak. Dena den, Piraten helburua argi dago: Donostiak jai herrikoiak izatea da. Horretarako, gutxika bada ere, beharrezko pausoak emango ditugu. Ikusiko dugu nola joaten den aurtengoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.