Inoiz baino herrialde gehiagok hartuko dute parte, eta inoiz baino lan gehiago aurkeztuko dituzte gaur Donostian hasiko den 23. El Sol Latinamerikako Komunikazio eta Publizitate Jaialdian. Sormenak saldu egiten du, kontzeptu horren inguruan arituko dira aurtengo aldian. «Gure bezeroen helburua saltzea da. Gaur egun, inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da besteengandik desberdintzea, bereiztea», adierazi du Carlos Martinez Cabrera jaialdiko zuzendari berriak. «Guk markekin egiten dugu lana, eta ematen den mezuen kalitatean dago gakoa. Komunikazio eta publizitate arloetan sormena da gakoa». Antolatzaileen arabera, iaz jaialdian parte hartu zuten profesionalen kopurua -2.041- gainditzea espero dute aurten.
Guztira 3.744 pieza aurkeztuko dituzte, bederatzi sailetan banatuta, gaurtik larunbata bitartean Donostiako Kursaalean, iaz baino %8 gehiago. Aurten, hazkunderik handiena jaso dute bi sail hauek: Platinozko Eguzkia eta Kanpaina Integratua (35 lan), eta Euskarri Interaktiboak (268). Hedabide digitalak hazten joan diren arren, Grafikoa sailak jarraitzen du, beste behin ere, lan gehienak jasotzen: 1.708 kanpaina. Telebista-zinema sailean, 630 spot aurkeztuko dira; irratian, 269 lan; zuzeneko marketinean, 166; marketin promozionalean, 176; webguneetan, 131; eta hedabideetan, 154. Bestalde, aurten aurrenekoz izango diren harreman publikoak (39 lan) eta ekoiztetxeak (48 lan) izeneko bi sailek ere harrera ona izan dutela adierazi dute. «Estreinakoz, gainera, epaimahai batek Telebista-Zinemako, Grafikoen saileko eta Irratiko iragarkirik onena sarituko du», azaldu Martinezek.
Jaialdia Latinamerikara zabaldu zen 2003. urtean, eta harrezkero asko handitu da Amerikako herrialdeen presentzia El Solen. Aurtengoan, inoiz baino herrialde gehiagok hartuko dute parte, guztira 18 lurraldetako lanak izango dira ikusgai. Parte-hartzaileen artetik nabarmenenak Argentina (498 lan), Mexiko (209), Portugal (132) eta AEB (60) dira. Era berean, Ekuador, Guatemala, Peru, Venezuela, Uruguai, Dominikar Errepublika eta El Salvadorreko lanak egongo dira ikusgai. Eta aurreneko aldiz, Paraguai eta Costa Ricak hartuko dute parte. Espainiako Publizitate Agentzien elkarteak (AEAP) antolatu du jaialdia. Aurten, gainera, jaialdiaren izendapenari komunikazio hitza erantsi diote, «komunikatzeko teknika eta modu berriek garrantzia hartu dutelako gaur egun».
GENERO INDARKERIA. Gaur, bihar eta etzi komunikazio eta publizitate munduko profesionalentzat egongo da zabalik El Sol jaialdia. «Aurten hasi eta aurrerantzean gizarte arloko gaiei garrantzia berezia emango diegu». Hala, genero indarkeriaren kontrako publizitatearen gaineko eztabaida saio berezia sortu dute aurtengo. «Arazo sozial horien mesedetan komunikazio aldetik El Solek, plataforma gisa, zerbait egiteko konpromisoa duela iruditzen zaigu». Hori gaur izango da. Horrez gain, hainbat eztabaida saio eta hitzaldi izango dira, egunotan. Bihar, esaterako, Pedro Luis Uriarte berrikuntzaren Innobasque euskal enpresako presidenteak hartuko du hitza. Saltzeko orduan estrategiak duen garrantziaz hitzaldi bat eman eta eraginkortasunaren sariak banatuko dira ostiralean. Igandean, berriz, jende guztiarentzat irekiko dituzte ateak, 11:30etik 14:00etara. Publizitate jaialdiaren 23 urteetako historia eta sari banaketa nagusiak biltzen dituen grabazio bat emango dute. Jendeak garai bateko iragarki zaharrak -La Casera, Once, Renfe...- ikusteko aukera izango du. Jaialdiko erakusketa grafikoa ere irekita egongo da.
Donostiako El Sol publizitate jaialdian ia lau mila lan aurkeztuko dituzte gaurtik
Igandean jende guztiarentzat irekiko dituzte ateak Kursaalean, 11:30etik 14:00etara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu