Hedabideak

Donostian eta beste zortzi herritan emititzen hasi da Antxeta Irratia

Jaurlaritzak Donostia ingururako frekuentzia behin-behineko epe baterako eman dio euskarazko irratiari. Datorren asteazkenean, Espainiako Auzitegi Gorenak lizentziaren inguruko azken erabakia emango du.

Aitor Errazkin, maia Muruaga eta Koldo Nausia Antxeta Irratiko kazetariak, Hendaiako egoitzan. ASIER PEREZ-KARKAMO
urtzi urkizu
2016ko maiatzaren 20a
11:31
Entzun

Antxeta Irratiak Donostia eta inguruko herrietan emititzeko lizentzia lortu du. Orain arte Hondarribian, Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi) emititzen zuen —Beran ere (Nafarroa) lizentzia lortu zuen 2013an—. Baina aste honetan bertan, hedapen lanetan hasi dira, FMko 105.8 frekuentzian. Horrenbestez, Donostian eta Gipuzkoako beste honako herri hauetan entzun daiteke euskarazko irratia: Hernani, Usurbil, Lasarte-Oria, Urnieta, Lezo, Errenteria, Pasaia eta Oiartzun.

Aitziber Zapirain Antxeta Irratiko koordinatzaileak nabarmendu du frekuentziaren gaia "gorabehera handikoa" izan dela azkeneko urteetan: "Baina badirudi argia ikusten hasiko garela, eta lau urtez auzitegi batetik bestera ibili ostean, azkenean lortuko dugula irrati komunitario gisa legezko frekuentzia bat Gipuzkoan".

PSE-EE Jaurlaritzan zenean jarri zuten martxan frekuentzien lehiaketa Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako. Donostialdean emititzeko lizentzietako bat lortu zuen Antxetak. Baina lehiaketa katramilatuta gelditu da azkeneko lau urteotan. Ez da auzia amaitu, gainera. Datorren asteazkenean, Espainiako Auzitegi Gorenean landuko dute frekuentzien gaia, Eusko Jaurlaritzak jarritako helegitea dela-eta. "Aurrez ofizialki onartua eta esleitua izan zitzaigun frekuentzia bertan behera utzi nahi izan zuen Jaurlaritzak", salatu du Zapirainek. Datorren astean jakingo du Antxetak behin betiko erantzuna.

Donostialdean lortutako frekuentzia dela eta, barne mailako gogoeta bat martxan jarriko dutela iragarri du Antxetako ordezkariak: "Bide lagun izanen ditugu Donostialdeko herri mugimenduak, baita euskaltzaleak ere. Etorkizuneko entzuleen beharrak identifikatu nahi ditugu. Gauza bera egingo dugu Oiartzualdean eta Buruntzaldean". Oraingoz, Bidaso Beherea eskualdean eskaintzen duen programazioa eskainiko du beste herri horietan Antxetak. Udazken amaieran ekingo diote programazio propioari Donostian eta inguruko herrietan.

Arrosa sarearen eskaera

Arrosa sareak pozgarritzat jo du Antxeta Irratiak lortu duena. "Aspaldidanik aldarrikatu dugu irrati komunitarioek eskubidea dutela dialean presentzia erregularizatua izateko", esan du Arrosako koordinatzaile Jon Aranburuk. "Salatu nahi dugu Jaurlaritzan agintean izan diren azkeneko gobenuek ez dutela ezer egin horren alde". Larritzat jo du Arrosako ordezkariak Jaurlaritzak legebiltzarraren erabakiei "entzungor" egin izana: "Legebiltzarrean eskatu zuten irrati komunitarioen sektorea erregulatzea, euskarazko irratiei dagokien lekua emanez". Arrosak Jaurlaritzari eskatu dio legebiltzarraren ebazpena betetzeko, eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako irrati komunitarioen sektorea erregularizatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.