Donostiari begira dago partikula azeleragailuen mundu osoko alorra

Mila zientzialaritik gora elkartuko dira egunotan, Kursaalean, azeleragailuen ahalmena aztertzeko

Nazioarteko ikertzaileak Kursaalean, inaugurazio ekitaldian, atzo. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Argindarrez kargaturiko partikulak ia argiaren abiaduran jartzeko gai dira partikula azeleragailuak, eremu elektromagnetikoak baliatuta. Zientzia alorreko tresna horien bidez materia bere eskala txikienean —nano eskalan— iker dezakete adituek. Horrek ateak zabaltzen ditu teknologia berriak garatzeko. Izan ere, beste modu batera lortu ezin diren emaitza zientifikoak eskaintzen dituzte. LHC (Hadroien Talkagailu Handia) da azeleragailu horien artean ezagunenetakoa. Azken hilabeteetan adi-adi egon dira mundu osoko zientzialariak han egin diren saioei begira. Higgs bosoia, materia iluna, Antimateria... Eredu estandarrean argitu gabeko galderei erantzuten saiatzen ari da Frantzia eta Suitzaren arteko mugatik gertu kokaturik dagoen azeleragailua, LHC.

Bada, teknologia horren goi mailako munduko batzarra Donostian da egunotan, IPAC (Partikula Azeleragailuen Nazioarteko Biltzarra). Atzo hasi eta ostirala arte 1.200 zientzialari izango dira Kursaalean. 1.400 aurkezpen egingo dituzte, betiere azeleragailuen teknologiarekin loturik; 90 bat erakusmahai ere jarri dituzte enpresek eta laborategiek alorreko azokan. Horien artean dago, esaterako, Tekniker-IK4 euskal herritarra. Zientzia alorreko instalazio handien hornitzaile gisa duen ahalmena erakutsiko du. Ez alferrik, Grenobleko (Frantzia) ESRF (European Synchrotron Radiation Facility) instalazioan parte hartu du, baita Oxfordeko (Ingalaterra) ISIS (Pulsed Neutron a Moun Source) azeleragailuan ere.

New Orleans, Shanghai...

IPAC batzarraren bigarren aldia da Donostian egiten ari dena, lehena Europan. Partikula Azeleragailuen instalazioak zientzian orain arte halabeharrez itxirik egon diren hainbat bide zabaltzeko gai direla-eta, industria egitura garrantzitsua garatzen ari da alorrean. Datorren urtean New Orleansen (AEB) egingo dute IPAC; 2013an, berriz, Shanghain (Txina); 2014an, Dresdenen (Alemania); eta 2015ean, Richmonden (AEB).

Atzoko inaugurazio egunarekin batera, IPACen egitarauak jasotzen dituen bi jardunaldi berezietako bat egin zuten, Espainiako Estatuan garatzen den zientzia industriaren inguruan. Bigarrena, bihar izango da, Emakumeak zientzian izenburupean.

Espainiako Zientzia ministroa, Cristina Garmendia donostiarra, Isabel Zelaa Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek parte hartu dute IPACen inaugurazio ekitaldian.

Euskal Herrian gero eta nabarmenagoa da zientziaren alorrean goi mailako nazioarteko biltzarrak antolatzeko ahalmena. Barakaldoko BECen Imaginenano egin da aurten, nanoteknologiaren inguruan. Bestalde, Donostia International Physics Center zentroak (PIPC) hamar urte bete dituela-eta, Nobel saridunen topagune izan da berriki. Datorren urtean, berriz, Neutroien Iturri Zurrunen Biltzarra egingo dute Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.