Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Dopina futbolean

Xabier Lasa.
2011ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Tabuan aztarrika.Eliteko futbolean tabua den errealitatea azaleratu ote zuen Juan Antonio Alcalak lehengo igandean? Susmo hori hartzen zaio zabaldu den polemikari. Kontua da Alcalak, Copeko El Partido de las 12 irratsaioan igandean, Real Madriletik omen zetorkion filtrazioa jakinarazi zuen: taldeak federazioari dopinaren aurkako kontrolak zorrozteko eskatu behar omen dio. Bartzelona nahiz Valentziaren kirol emaitza harrigarrien errua zerbitzu medikuen esku egon daitekeenaren mezu sibilinoa zabaldu zuen Alcalak, talde merengearen ahotan jarrita.

Dena ahantziko da.Alcala laster ohartu zen lurrikara eragin zezakeela, non eta estamentu ezberdinak elkar elikatuz bizi diren futbolean. Atzera egin zuen, hortaz, asteartean. Ezer ez esateko erabili ohi den formula erretorikoa, erabili zuen: «barka nazatela, nire hitzekin minduta sentitu direnak». Bartzelona eta Valentziak Alcala epaitegietan salatzeko asmoa azaldu dute, Madrilek gezurtatu egin du filtraziorik egin izana baina Alcala ez du salatu ustez gezurretan ibiltzeagatik… Dena bizpahiru egunetan ahantziko da. Alde guztiek halaxe nahi dutelako. Alcalak aho luzea izan ohi du maiz, baina oraingoan, besteen garaipenekin minduta dabilen Madrilen aldeko, hots, bere bihotzeko taldearen aldeko bitartekaritza lanak zintzoki egitera mugatu da.

Etxeberria 'Faktoria'-n.Aspergarria bihurtzen ari da informazio eskubidearen kalterako den erabakiaren gainean jardutea, eguna etorri eguna joan. Kakaztutako zaldiko-maldikoari jira-bira berri bat ematea bezala. Gauzak horrela, EITBkoei koherentzia eskatu beharko genieke, behinik behin, eurek edo euren arduradunek hartzen dituzten erabakiekin. Bestela jokatzea, ikus-entzuleok nahasteko besterako ez dute balio izaten; euren sinesgarritasun profesionala ahultzeko. UPD alderdiak proposatu eta legebiltzarrak ezker abertzaleko ordezkariei espaziorik ez ematea onetsi zuen otsailaren 28an; «espero dut Rufi Etxeberriaren elkarrizketa EITBn ez errepikatzea» adierazi zuen Gorka Maneiro UPDko kideak, erabakiaren ostean. Bada, asteartean Etxeberriari ordu erdiko elkarrizketa egin zioten Faktoria saioan, EIn. Baliteke transmititu nahi zaigun ondorioa izatea legebiltzarreko erabakiak betetzea ala ez kazetarien eta herritarron esku geratzen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.