Kostata, baina azkenean erabaki dut non egin nahi dudan lan. Hitzak torturatzeko bulegoan. Bertan, adibidez, mezu hau jasoko nuke: «osasun sistema publikoan, ahulenen gaineko zerga arbitrario bat ezarri nahi dugu», eta nik hau ihardetsiko nuke: «ko-ordainketa deituko diogu». Hitzak torturatzeko? Ez, bada: «Hizkuntza dotoretzeko bulegoa».
Bai, badakit mintzaira edertzea ez dela aski mundua politago izan dadin. Konparaziorako, ko-ordainketaren kasuan: diru-sari sinbolikoa (dei diezaiogun horrela) pagatu behar izanez gero, etxean geldituko lirateke larrialdietara joan beharrik ez dutenak. Baina hori nahikoa al da? Ez, jauna! Nola edo hala, zerbitzu horretaz abusatzeko tentazioa izanen bailukete. Beraz, guzion dirua xahutu ez dezaten, hoberena litzateke jendearen buruan aparatu bat paratzea («askatasuna murrizteko eta pentsamendua kontrolatzeko aparatua»? Et, et, et, «pentsamendu osasungarria sustatzeko txipa»), norbaitek larrialdietara abiatzeko gogoa sentitu bezain fite, konexio baten bidez diru-sari hori bankuko korrontetik kenduko liokeena. Zer iruditzen? Horrela, parasito horiek bi aldiz pentsatuko lukete medikuarenera joan baino lehen. Are gehiago, bi aldiz pentsatuko lukete lotsagabeki eritu baino lehen.
Aparatuak, telefono modernoek bezala, gehigarri batzuk izaten ahalko lituzke: gozogileak dirudite, terroristak dira gehigarria (benetako demokraten kontrako konspirazioei igartzeko) edo zergatik ez? gehigarria (dietak kobratzea —bertzeak bertze— normal-normala dela sinetsarazteko).
Dotorea, ezta?
Maratila
Dotore
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu