Dantzari belaunaldien arteko sokak sendotzeko nahiak eta kultura bat babesteko konpromisoak sortu du Noche de Danza, gaur gauean Bilboko Arteria Campos Eliseos antzokian eskainiko duten ikuskizuna. Iluntzeko 20:30 aldera, Hego Amerikako koreografo handiei omenaldia egingo diete Uruguaiko Ballet Nazionalak, Julio Bocca Argentinako dantzari eta koreografo ezagunaren zuzendaritzapean.
Balletaren hiru maisuren lanak berreskuratuko ditu dantza taldeak gaurko emanaldian. Agertokira irteten lehenak Vicente Nebrada koreografoaren Nuestros Valses eta Doble Corchea obrak izango dira. Jarraian, Oscar Araizen Adagietto maisulana dantzatuko dute, eta, amaitzeko, Ana Maria Stekelman argentinarraren Tango & Candombe obra emango dute. Antolatzaileek adierazi dute Hego Amerikako balletaren garapen lerroa jarraitu nahi izan duela dantza taldeak, «sentikortasunez, pasioz eta historiaz betetako ikuskizuna» eskaintzeko.
Julio Bocca ikuskizunaren zuzendariak adierazi du «zintzotasuna, esfortzua eta gogoa izan direla taldean bultzatutako balioak», eta bere helburua «taldea inoiz baino urrunago eramatea» dela. 2007an erretiratu ondoren, dantza mundura itzuli da Bocca, eta dio dantzariek bezala gozatu duela bere lehen lanarekin.
'NOCHE DE DANZA'
Non. Arteria Campos Eliseos Antzokia
Noiz. 20:30
Dotorezia, dantzaren gauean
Hego Amerikako koreografo ezagunenei omenaldia egingo die Uruguaiko Ballet Nazionalak, Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu