Maratila

Dragoiak

santi leone
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Aspaldi da zinema areto bat zapaldu ez dudala. Denbora banu ere, ez dut uste There Be Dragons filma ikustera joanen nintzatekeenik. Horren ordez, martxoaren 25ean Mercedes Montero Nafarroako Unibertsitateko irakasleak egin zion iruzkina irakurri dut egunkari batean. Filma ez omen da manikeoa, ez omen du Espainiako gerla zibilaren zuri eta beltzeko irudi bat ematen.

Ikuspegi orekatu hori frogatzeko, filmaren zenbait pasarte aipatzen ditu Monterok. Batean, errepublikanoek muzin eginen diete beren ideiei, Escrivá de Balaguer salbatze aldera; bertze batean, erakutsiko zaigu nazionalen aldean dagoen protagonistak ez duela benetan ideologiarik, hala egokitu zaiolako egiten duela Francoren alde, fabrikako langileek aita hil ziotelako; hirugarren batean, miliziano talde batek «barnean daramaten gorroto guztia atera» eta apaiz bat hilen dute Madrilgo karriketan.

Ez dakit nolakoa den Roland Jofféren lana. Monteroren artikulua, ordea, ederra da, ezin argiago uzten baitu zein den eskuinak nahi duen memoria historikoa: gatazkaren jatorria alde batera utzita, gerra batzuen eta bertzeen gorrotoaren agertoki bihurtzen da. Biena, berdintsua, ñabardura bat gorabehera: faxisten herrak ez du ideologiarik, baina badu justifikazioa; errepublikanoenak, ordea, ez du motiborik, baina badu ideologia. Halere, azken horien potretean, zuri-beltzik ez: aise aitortuko dizute gizaki onak ere izan zirela ikusmolde funtsean gaizto baten alde borrokatu zirenen artean. Horra eskuinaren ikuspegi konplexua, neurrikoa, moderatua. Ekidistantea.

Ekidistantzia eskatzen baitute.

Kontu honetan, bederen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.