MARATILA

Durango berriro

Lucien Etxezaharreta.
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Meza nagusiak maite ditugu eta elizetarik, nola Baionako Katedralean edo San Andresekoan koruak kanpo ematen dituzten elizako kargudunek, egia erran inork ulertzen ez duen axolagabekeriarekin, hala ere badu Bizkaiko hiri honek intsentsu usain bat. Euskararekin doi bat etsirik direnek hor, omen, birziklatze, berpizte zerbait jasotzen dute, eta hainbat hobe.

Ez dut suerterik izan hargatik, ostiral honetako euskal irrati batean, San Frantses Eguna eta Euskararen Eguna ere mundu guzian, jakin baitut ere zela Elbarrien Nazioarteko Eguna. Parekatze hori umore beltza dutenek estimatzen ahal dute, eta ez dira eskas. Berdin batzuek parekatuko dute hori Koldo Izagirrek duela gutxi plazaratu duen Autopsiaren frogak liburuarekin. Gure hizkuntza desagerrarazi nahi dutenek dutea, ote, egun parekatze hori hala finkatu? Bagenuen ere jadanik Euskararen liburu beltza, Joan Mari Torrealdaik idatzi zuena... baina gertatzen da ere Durango batetik bestera ahanzturak jotzen gaituela.

Euskara laidoztatua dela pena dutenei eta umore ona haien artean pizteko gogoarekin -zilegi da, ez, gaur, 45. edizio hau hastean!-, balio du frantsesek beren hizkuntzaren alde dituzten amorezko penak ere argitara jalgitzea.

Pariseko Sorbonan agertzen da Le français, dernière des langues liburua, eta hor jakiten da XVIII. mendeaz geroztik etsai gaiztoak badituela! «Hizkuntza gehienik poesiarik gabekoa», dio Leopardik (1823), eta Lamartinek berak zioen hitzak direla «lehor, zehatz, kolorerik gabeak, zenbakiak bezala». La Bruyerek ere zioela «hiztegi pobrekoa» zela. Espainolaz ariko garela bestaldi batez, anartean erabil eta landu dezagun euskara!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.