Gai baten bila hasi, eta batzuetan etorri egiten dira, eskatu ere egin gabe. Izan zitekeen Espainiako hauteskunde orokorren egunaren aurrerapena eta sortu duen adierazpen uholdea, edo langabezia datu berrien albistea, Somaliako egoera tamalgarria, errepideen egoera urte guztiko auto jario handiena duen egunean, ohi bezala albistegietan falta den hainbat gazteren aurkako epaiketa, Griezmannen afera, irailean hasiko den Zinemaldiari dagokion gorabeheraren bat, Bon Joviren kontzerturako beharrezkoa den muntaiaren berri, Moody'sek zer dioskun... Eta, noski, astebete dela Norvegian gertatua. Atzo heldu nion gai horri. Esaten nizun nola gure hedabideentzat batzuk terroristak diren eta besteak eroak...
Eta eroez eta erokeriez ari garela. Ikusi duzu Intereconomia telebista katearen azken iragarkia? Sarean aurkituko duzu, hala nahi izanez gero. Laburra da, hogeita hamalau segundo eskas nahikoak dira telebistan sarraskia egiteko. Alaitasunaren ereserkia-ren doinuak lagunduta, hainbat gazte hippy itxurakoren erretratuak ageri dira bata bestearen atzetik. Zentzua argaki oinek ematen diete, bakoitzaren azpian bana baitago: «Haurrak jaio baino lehen erail behar direla uste dut; Osasungintzan dirua aurrezteko aitona-amonak erail behar direla uste dut; Haurrak estatuak hezi eta programatu ditzan nahi dut; Funtzionario ustelez betetako herrialdea nahi dut; Enpresariak birrindu ditzaten nahi dut; Arma politiko gisa gezurrak duen indarrean sinesten dut». Segidan, zuri-beltzeko argazkian, ezagutzen ez dudan baina ezaguna dela iruditu zaidan emakume bat jende artean, eta azpian: «Espainia erdiak beste erdia garbitu behar du». Eta, amaitzeko, hondo gorriaren gainean, zuriz: «Garrantzitsuena ez da zeinen alde bozkatzen duten, ezpada zer pentsatzen duten».
Nola geratu zara? Zein gorputzaldi uzten dizu erokeria ez hain eroak? Asko du errealitatetik ez? Zenbaitzuek errealitatea ikusteko dauzkaten kodeetatik esan nahi dut. Orain, hausnar dezagun, segundo erdiz bada ere, adierazpen askatasunaz eta zentsuraz. Ni ez nago halako formulen alde. Nire mundu perfektua behar lukeen horren ikuskeran, bakoitzak esan dezala nahi duena. Gainontzekook aski buruaskiak izango gara kate hori mandoz eta iritziz zentsuratzeko, gure programaziotik kendu eta oporretara behin betiko bidaltzeko. Ea ba...
Komunikazioa. Ekografiak
Ea ba...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu