Aurpegiak gero eta simetrikoagoak izan orduan eta ederragoak direla iruditzen zaigu, zientzialarien arabera. Edertasuna neurrien eta proportzioen arabera hautematen dugu, eta greziarren garaian ere, hori zen edertasunaren oinarria. Horregatik, egungo eta garai klasikoko edertasunaren parekotasunak ezagutzeko, eta gure edertasunaren kontzeptuaren erroa nondik datorren ulertzeko, Greziar simetria. Belleza al desnudo erakusketa zabaldu dute Bilboko Berreginen Museoan.
Greziarren garaian, gizonezkoen edertasun kontzeptua gurearen nahiko antzekoa zen. Gizon boteretsuak, indartsuak eta gihartsuak irudikatzen zituzten. «Horretan, egungoen nahiko antzekoak», Itziar Martija museoko hezkuntza saileko arduradunaren hitzetan. Aldaketa, ordea, aurpegietan suma daiteke. Izan ere, greziarrentzat ederragoak ziren aurpegi borobilagoak, aho txikiagoak eta almendra formako begiak, eta horrela ikus daiteke erakusketan.
Emakumeen edertasun eredua, ordea, asko aldatu da; garai hartan «ugalkortasuna erakutsi nahi baitzen», Martijaren hitzetan. Hori erakusteko, aldaka zabal, gerri estu eta bular txikiak irudikatzen zituzten orduko eskulturetan. «Gaur egungo ereduarekin ez du inongo zerikusirik». Bereizgarri horiez gain, emakumeak zabal eta handiak irudikatzen zituzten, eskulturak egiterako garaian, gizonezkoen gorputza hartzen baitzuten eredutzat, eta «gorpuzkera horiei emakumeen bereizgarriak jartzen zizkieten». Horregatik, greziarren garaiko eskulturetan ikusten ziren gorpuzkerak ez ziren errealak, «gizonezko eta emakumezko ideologizatuak erakusten baitzituzten».
Sei ataletan bereizita
Gorpuzkera ideologizatuak ala errealak, greziar garaitik hasi eta neoklasizismora arteko garapena ikusi ahal izango da erakusketako eskulturetan, sei ataletan banatuta. Greziarren edertasun eredua ezagutzeko, irizpide ezberdinak bildu dituzte batetik. Kanpoko eta barneko edertasunari buruzko gogoeta egin daiteke, kanpoko itxurari pentsamendu filosofikoak laguntzen baitzion aro klasikoan. Baina eskultura ederrak egiteko, proportzionaltasuna ere landu behar zen, eta horretarako lehen legeak greziarrek ezarri zituzten. Baina perfekzioa eskulturan bilatzeaz gain, bizitza errealean ere bilatu beharra zeukaten greziarrek, eta hori gerretan, hitz egiten edo kiroletan topatzen zuten. Hiru kontzeptu horiek azaltzen dira erakusketako lehen sailean.
Erakusketaren arrazoi nagusia edertasuna izaki, lehen edertasun lehiaketa erakusten duen koadrorik ere ez da falta bertan. Parisen epaiketan, Afrodita, Hera eta Atenea jainkosak zein ederrena izango lehiatu ziren, eta une hori ere ez da falta Berreginen Museoan.
Azkenik, Errenazimentuan gertatu zen berpizkundea biltzen duten hainbat eskulturaz gozatu ahal izango da. Garai hartan, edertasuna zer zen zehazteko lagundu zuten aro klasikoan oinarritutako eskultura horiek, eta edertasuna ulertzeko gakoak jarri zituzten. Horietako batzuk bidean geratu dira, eta beste batzuek gaurdaino iraun dute.
Edertasunari gorazarre
Bilboko Berreginen Museoan 'Greziar simetria. Belleza al desnudo' erakusketa jarri dute, garai klasikotik gaur egunera arte edertasunak izan duen bilakaera azaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu