Aropa erabilia biltzeko edukiontziak ohikoak dira herrietan. Orain, Bizkaiko hainbat udalerritan, edukiontziak jarriko dituzte behar ez direnean zaborretara botatzen diren beste tresna asko ere biltzeko. Europa osoan aitzindaria den proiektu bati esker, etxetresnak, jostailuak, liburuak, arropa, sakelako telefonoak... eta berrerabil daitekeen edozer bilduko da, hondakinak murrizteko eta bildutakoa merke merkaturatzeko asmoz.
Rezikleta kooperatibak abiarazi duegitasmoa, eta denera bederatzi edukiontzi jarriko dituzte, Bizkaiko beste hainbeste udalerritan. Hain zuzen ere, Uribe Kostako mankomunitatea eta Getxoko eta Santurtziko udalak ados jarri dira Rezikletarekin proiektuari ekiteko. Egitasmoa udalerri gehiagotara ere zabaltzea espero dute sustatzaileek.
Orain arte, bizkaitar bakoitzeko 2,73 kilo arropa bildu izan dira urtero, 86 herritan ezarritako edukiontziei esker. Javier Mariño Rezikletako kudeatzailearen hitzetan, «bide beretik jarraituz, beste pauso bat emango dugu proiektu berriari esker, edukiontzi hauek jarriko baititugu arropa biltzeko soilik balio dutenen lekuan». Izan ere, kooperatibaren kalkuluen arabera, berrerabil daitezkeen hondakinen erdiak besterik ez da biltzen egun Bizkaian: «Frogatuta dago:hondakinak biltzeko zenbat eta bitarteko gehiago egon, handiagoa da jasotzen den bolumena».
Edukiontzi berrian, baliagarri izan daitekeela uste duten guztia bota ahalko dute herritarrek: jostailuak, liburuak, etxetresna elektriko txikiak, gailu elektronikoak, arropa eta oinetakoak, besteak beste. Horrela, herritarrei esker bilketa eginez lehenengo, eta bildutakoaren kudeaketa Rezikletaren esku utziz, hondakinak murriztea izango da helburu nagusia.
Josu Madariaga Bizkaiko Ingurumen foru diputatuaren arabera, halako egitasmoek herritarra hondakinen kudeaketan pertsonaia garrantzitsu bilakatzen dute. «Sentsibilizazio kanpainak bultzatuko ditugu, herritarra ingurumen eta gizarte aldaketetan eragiteko gai dela kontzientziatzeko».
Oraingoz ekimenarekin bat egin duten udalerri gehienek urteak daramatzate arropa biltzeko edukiontziekin. Uribe Kostan, 2004an hasi ziren bilketa mota honekin, 2001ean Getxon, eta 2009an Santurtzin. Imanol Landa Santurtziko alkatearen ustez, harrera ona egingo dio jendeak ekimenari. «Birziklatzeaz gain, berrerabiltzearen aldeko apustu garbia egingo dugu».
Lanpostuak eta produktu merkeak
Ingurumenari mesede egiteaz gain, proiektuak gizarte onurak ere badakartzala azaldu dute sustatzaileek. Mariñoren arabera, herritar guztiek, arropa, altzariak, liburuak edo gailu elektrikoak merkeago eskuratzeko aukera izango dute, «aldi berean, gauzei bigarren erabilera bat ematen ari direla jakinda».
Sortutako lanpostuak bazterketa soziala pairatzen duten edo pairatzeko arriskuan diren pertsonei bideratuko zaizkie. «Kolektibo horientzat enplegu lokala sortzea beti izan da Rezikletaren apustua».
Edozer berrerabiltzeko
Bizkaiko hainbat udalerritan, edukiontziak jarriko dituzte berrerabil daitezkeen era guztietako tresnak biltzeko; berreskuratutakoak prezio onean merkaturatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu