Urtero, abendua iristean, galdera bera egiten diet euskaltegiko ikasleei. Inork ba al daki zer demontre ospatuko dugun datorren asteko zubi luzean? Gehienak konstituzioaz hitz egiten hasten zaizkit, Sortzez Garbiaren egunaz. Eta nik, besoak zerurantz eta imintzioka, ezetz eta ezetz, euskaldunok San Durango ospatuko dugula jaizubian, Durangon baitago gure Meka saindua eta urtero-urtero hara joaten garela denok erromes.
Ikasleek barre egiten dute —didate?— zertaz ari naizen oso ondo ulertu gabe.
Egia esan behar badizuet, ez nau harritzen.
Izan ere, euskaraz bizi garenok, euskaraz idazten dugunok —edo abesten, Twitterren aritzen, pentsatzen, amesten, dantzatzen… jar beza hemen irakurleak egokien deritzon aditza— ikusezinak baikara gure gizartearen zati ikaragarri handi batentzat. Bost axola zer egiten dugun. Bost axola sortzen dugun hori kalitatezkoa den ala ez. Euskal sortzaileok ikusezinak gara non eta gure etxean bertan. Ez galdetu nire ikasleei nor den Harkaitz Cano, nor den Maialen Lujanbio, nor den Xabier Montoia. Atxaga ezagutuko dute, baina ez dute gure Lertxundi maitea ezagutuko. Alex de la Iglesia ezagutuko dute, baina ez Kandido Uranga. Amaia Montero ezagutuko dute, baina ez Kerobia.
Gure jainkoak, —Iban Zaldua handia da eta Mahoma bere profeta!— gure jainkosak ez dira ezer beraientzat. Ikusezinak dira. Ikusezinak gara.
Albaniako sortzaileak bezain.
Eta hau, ene lagunok, egiaztapen bat da, ezen ez kexa bat.
Maratila
Egiaztapen bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu