Donostiako Aste Nagusia

Egitarautik kanpo, Bulebarra kale artisten antzeztoki

Artea nagusitzen da hiriko kaleetan; mota guztietako ikuskizunak aurki daitezke: antzerkiak, akrobaziak...

Thomas, ikuskizuna amaitutakoan, ikusleak agurtzen. OIER IRIBARREN.
Donostia
2011ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Donostiako Aste Nagusiak egitarau mardula du, edonoren nahia asetzeko modukoa, baina Aste Nagusian ez daude soilik egitarauan agertzen diren ekitaldiak. Parte Zahar eta Bulebar inguruan, hainbat kale artistak ikuskizunak eskaintzen dituzte borondateraren truke.

Deivi, Hugo, Thomas eta Juanartista horietako lau dira. Urte asko daramatzate munduko hainbat hiritara bidaiatu eta espezialistak diren alorreko ikuskizunak eskainiz.

Deivik eta Hugok elkarrekin lan egiten dute. Madrildarrak dira, eta keinu bidezko antzerkia eskaintzen diete ikusleei. Deiviren kasuan, bere pertsonaiak ez du inolako hitzik egiten, zarata bat edo beste baino ez. Gorputzaren mugimenduen bitartez lortzen du nahi duena adieraztea. Hugoren pertsonaiak, berriz, gehiago hitz egiten du, batez ere ikusleekin. Antzezlanaren hasieran izaten da hori, Hugo ibilitariak ikusle bihurtzen ahalegintzen den momentuan, hain zuzen ere. Hortik aurrera, onomatopeiaz baliatuko dira komunikatzeko. Ohikoa ez den formatu batean, elkartzen diren bi pertsonaren arteko ikuspegi lirikoa antzezten saiatzen dira.

Deivik 6-7 urte daramatza antzerkiaren munduan. Psikologia ikasten hasi zen, eta arte dramatikoan graduatuta bukatu zuen. «Gizakion jarrera, keinuak eta harremanetarako dugun gaitasuna aztertzea beti interesatu izan zait», adierazi du artistak.

Bikotea uda hasieran abiatu zen Galiziara, eta kostako herri eta hiriak bisitatuz dabiltza. Hurrengo geltokia ziurrenik Bilbo izango dela esan du Hugok.

Bulebarrean aurrera jarraituz, Thomas dago. Gazte poloniarrak kontaktuzko eskujokoak eta akrobazia eta kontorsionismoko mugimenduak uztartzen dituen ikuskizuna eskaintzen du. Bola berezi batzuk erabiltzen ditu, magia eta mugimendua uztartuz ilusio bisualak lortzeko. Gogotsu dagoenean, gaur egungo dantzak ere sartu ohi ditu ikuskizunaren barnean.

Ia-ia urtero pasatzen da Donostiatik, adierazi duenez; asko gustatzen baitzaio hiria eta batez ere bertako jendea. Aste Nagusia bukatutakoan Bilbora joatea pentsatu omen du, baina aurretik kideekin hitz egin eta egoera nola dagoen jakin behar du.

«Istorio luze baten jarraipena da ni hemen egotea», dio Thomas-ek. Aurretik bestelako ikuskizunak egin izan ditu, baina zirkoen bideoak ikusi eta Tenerifen lortutako kontaktu batzuei esker lortu du ikuskizun hori burutzea.

Deivi, Hugo eta Thomas ikusita, aurrerago jarraituz gero, Juan Zapata dago, futbol izar onenak ere atzean uzten dituena. Txiletarrak baloiaren kontrolean oinarritzen den ikuskizuna eskaintzen du; baloiaz gain, laranjak, tenis pilotak, soka saltoan aritzeko sokak eta beste hainbat objektu erabiltzen ditu.

«Oso txikitatik datorkit baloia maneiatzeko dudan erraztasuna, nire zaletasuna baitzen», adierazi du Zapatak.

Lau artistak ados daude kale artisten artean ezinbestekoa dela harremana ona izatea, elkar errespetatu eta laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.