Jose Miguel Rodriguez Fernandezek (Valladolid, Espainia, 1953) EHUn ikasi zuen ekonomia. Valladolideko Unibertsitateko dekanoa izan da zazpi urtez. Kutxen pribatizazioaren inguruan mintzatuko da gaur, 18:00etan, EHUk Donostian duen Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolako areto nagusian (Oñati plaza 1).
Kutxei barrutik egin diete azpijana, gero pribatu bihurtzeko, edo hori esatea konspiranoikoa da?
Agian, ez da planik egon, eta denon artean akabatu dituzte, baina beraiek bakarrik hil dira. Hainbat egoera elkartu dira horretara heltzeko. Azken urteotan asko zabaldu dira aurrezki kutxak diru sisteman, eta hori bulego berriak irekitzeko politika erasokorrarekin egin dute. Bankuekiko leiha oso gogorra izan da, eta operazio bakoitzarekin irabazten dutena murriztu denez, operazio kopurua handitu dute, zabalkundea ordaintzeko. Lehen jendeak ez zuen aldatzen kutxa, baina, etxegintzaren burbuilarekin, baldintza hoberenen bila hasi zen, eta kutxak joko horretan sartu ziren. Burbuila lehertu denean, kutxen inbertsioen %60-70 etxegintzan zeuden sartuta. Bankuen negoziaren oinarrizko araua hautsi dute: diru guztia leku berean ez inbertitu. Nola da posible Espainiako Bankuak edo erkidego autonomoen ikuskaritzek hori lehenago gelditu ez izana?
Agian, jende gehiegik zuen gogoa kutxak hiltzeko.
Egoeraz baliatu dira kutxak galtzea aspaldi nahi zutenak: bankuak, Espainiako Bankuaren ikuskatzailea, alderdi politiko asko... Kutxa sozialak gauza arraroa ziren horientzat, eta banku normal bihurtu nahi dituzte. Orain, etekinak handitu beharko dituzte, eta lan soziala egiteko, askoz gutxiago izango dute. Erresuma Batuan eta Italian gertatu zen lehen ere. Aspaldi ohartarazi nuen: Italian bezala, fundazio antzeko zer edo zer bihurtuko dira, ez badira zuzenean galtzen.
Nafarroako Kutxarekin gertatu da azken hori. Adibide ona da gertatzen ari dena azaltzeko?
Pena izan da Nafarroako Kutxa Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kutxekin batu ez izana. Arrazoi politikoak egon dira tartean. Nafarroako Kutxak oso kapital gutxi behar zuen. Gainera, fusioak ez zuen ekarriko bulego asko kentzea, kutxok ez zeudelako besteen lurraldean oso sartuta. Hegoaldera jo zuten, ordea, eta zentzurik gabeko bat egiteak egin zituzten; Caja Solekin, esaterako, zeinak arazo handiak baitzituen. Aurrera egin dute ihes, baina krisiak luze jo du, eta merkatuek ez diete denborarik eman. Badirudi EAEko kutxak egoera hobean daudela, horiek ere etxegintzaren alorrari mailegu asko eman badizkiote ere. Caixabankekin batera, horiek dira aurrezki kutxa gisa jarraituko duten bakarrak. Herritarron errua ere bada: zenbat jende egon da prest herritar gisa dituen eskubideak erabiltzeko kutxak kontrolatzeko?
Kreditu kooperatibek hartuko dute libre geraturiko lekua?
Euskadiko Kutxa da alor horretan garrantzitsuena. Badirudi saiatuko direla bat egiten hortik geratu diren kreditu kooperatibekin, zabaltzeko. Kutxen hutsak saihestu dituztela esaten da, baina horri ñabardura egingo nioke: Euskadiko Kutxa, Gaztela Leonen [Espainia] zabaldu zenean, etxegintza alorrean sartu zen, agian Espainian beste negoziorik ez zegoelako. Baina badirudi gauzak hobeto kudeatu dituztela, eta, horregatik, alor horretan soilik Euskadiko Kutxa salbatu duMoody'sek zabor bonu kalifikaziotik. Merkatuan, orain, oso gutxi geratuko dira, eta hori aukera bat izan daiteke Euskadiko Kutxarentzat, enpresek ezin dutelako soilik banku batekin lan egin. Zabaltzeko aukera dute, eta perspektibak ez dira txarrak.
Jose Miguel Rodriguez. Ekonomia irakaslea
«Egoeraz baliatu dira aurrezki kutxak galtzea aspaldi nahi zutenek»
Donostian mintzatuko da gaur katedraduna, finantza krisiari buruz egingo duten jardunaldian. Azalduko du aspaldiko asmoa, negozio handia eta gizarteari eginiko lapurreta dela kutxak pribatu bihurtzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu